Trujillo y Molina, Rafael Leónidas
Dominikar errepublikako diktadorea (San Cristobal, 1891 - Ciudad Trujillo, 1961). 1916-1924 urteetan Dominikar Errepublika Estatu Batuen mende egon zen garaian, goardia nazionalean sartu zen; 1925ean buruzagi militarra zen, eta 1930. urtean Horacio Vázquez aginpidetik egotzi zuen estatu kolpean parte hartu zuen. Urte hartan errepublikako lehendakari egin zuten, eta 1932. urtean nazioko Ongile izendatu zuen bere burua. Nekazarien eta gudarostearen laguntzaz garapen bidean jarri zuen Dominikar Errepublika eta aldi berean aberastasun izugarri baten jabe egin zen. Bertan behera utzi zuen adierazpen askatasuna, eta aginpidearen gaineko kontrol gogorra ezarri zuen, familiako kideen ardurapean utzi baitzituen kargu garrantzitsu ugari. Kanpoko politikagintzan Estatu Batuetako politikaren aldeko agertu zen. Barne oposizioa sendotzen ari zela ikusita 1952. urtean Héctor Bienvenido anaiaren esku utzi zuen aginpidea baina, artean, goardia nazionaleko buru izaten jarraitu zuen. Ustelkeria salaketak zirela medio, OEA erakundeak (Latinameriketako estatuak biltzen dituen erakundea) kondenatu egin zituen Trujilloren politika bideak. Etxera zihoala ofizial talde batek hil zuen.
- trufari
- trufatu, trufa(tu), trufatzen
- trufatzaile
- trufatze
- Truffaut, François
- Trujillo y Molina, Rafael Leónidas
- Trujillo
- Trujillo
- Truk uharteak
- truk
- trukada