Tracy, Spencer
Estatu Batuetako antzezlea (Milwaukee, 1900 - Los Angeles, 1967). Hasieran antzerkian ari izan zen; John Ford-ek zuzendutako Up the River (1930) filma izan zuen zineman egindako lehenengo antzezpena. Hainbat filmetan agertu eta gero zinemako izar bihurtu zen. 1942an Katharine Hepburn antzezlea ezagutu zuen; bederatzi film egin zituzten elkarrekin, gehienak komediak. Hasieran mota guztietako pertsonaiak antzeztu zituen eta 1950etik aurrera gehienbat gurasoaren rolak bete zituen. John Ford, Henry King, George Cukor, Frank Borzage, Raoul Walsh, Fritz Lang, Victor Fleming, King Vidor, John Sturges, Edward Dmytrik eta gisako zinemagile bikainekin lan egin zuen. Film askotan bikotea osatu zuen emakumezko antzezle ospetsuekin: Loretta Young, Joan Crawford, Lana Turner, Hedy Lamarr, Deborah Kerr, Joan Bennett, Marlene Dietrich. Bi Oscar sari jaso zituen: 1937an V. Fleming-en Captains Courageous (Kapitain ausartak) eta 1938an N. Taurog-en Boys Town (Mutilen hiria) filmengatik. Zinemaren historiako antzezlerik onenetako bat izan zen. Filmak: Fury (1936), For Me and My Gal (1932), Northwest Passage (1940), Dr. Jekyll and Mr. Hyde (1940), State of the Union (1948), Adam’s Rib (1949, Adamen saihets hezurra), Father of the Bride (1950, Andregaiaren aita), Bad Day at Black Rock (1955).