Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trebizonda

(Gr. Trapezous). Turkiako ipar-ekialdeko hiria eta portua, izen bereko probintziako (4.938 km2 eta 737.700 biztanle) hiriburua, Itsaso Beltzaren ertzean. 143.941 biztanle. Unibertsitatea. Aireportua. jarduera handiko portua. Nekazaritza produktuen merkataritza (tabakoa, artilea, soja, tea), industria (tabakogintza, ehungintza, altzairugintza, ardogintza, janari industria) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira bizantziarren garaiko harresiak, Leontocastron-go gaztelua, Commeni jauregiaren hondakinak, XIII. mendeko eliza bizantziarrak eta XVI. mendeko mezkitak. v Historia. Greziak Sinopen zuen Trapezous koloniari dagokio, eta Trabzongo greziar erresumako hiriburua izan zen. 1204. urtean sortu zen erresuma eta Androniko enperadorearen biloba Alejok enperadore izendatu zuen bere burua, hartara Trabzon-go erregeen dinastiari hasiera emanez. Bizantziar erresuma birkonkistatzen saiatu zen, bere anaia David aldi berean latinoen eta Nizeako enperadorearen aurka borrokatzen ari zen artean. Alejok Krimea konkistatu zuen eta merkataritza harremanak estutu zituen Genoako portuarekin. 1258. urtetik aurrera, Bagdad suntsitua gertatu ondoren, Indiarako merkataritza ibilbidea aldatu zuten eta Itsaso Gorritik Trabzon-erako ibilbidea bultzatu. Hala, bi mendez iraun zuen Trabzon-go erresumak. Alejo II.aren agintaldian (1297-1330) izan zuen erresumak oparotasun maila garaiena, eta handik aurrera etengabeko gainbehera hasi zen. Genoarrak eta veneziarrak nagusituz joan ziren merkataritza alorrean, eta Alejo III.aren agintaldia izan zen (1349-1390) erresumak izan zuen azken bakealdia. XV. mendearen hasierarako turkiarren mende zegoen.