Toronto
Kanadako hego-ekialdeko hiria eta portua, Ontarioko probintziako hiriburua, Ontario aintziraren iparraldean, Estatu Batuetako mugatik hurbil. 612.689 biztanle (3.751.700 biztanle hirialdeak). Torontoko unibertsitatea (1827) eta York unibertsitatea. Nazioarteko aireportua. Lehen mailako merkataritza- eta finantzagunea da eta, garraio sare oparoari esker (San Lorentzo ibaiak Ozeano Atlantikorako sarrera zabaltzen dio eta Aintzira Handietan barrena Estatu Batuetako ipar-ekialdeko hiriekin lotzen da), harremanak ditu Kanadako hego-ekialdeko eta Estatu Batuetako ipar-ekialdeko industriagune nagusiekin (Kanadako lehen portua da). Hiriko ekonomian garrantzi handia dute, halaber, industriak (janari industria, nekazaritzako makineria, tresneria elektrikoa eta kimikoa, altzairugintza, hegazkintza, eraikuntzako gaiak), zerbitzuen alorrak eta turismoak. Hiri modernoa da bestalde. King eta Bay kaleen inguruetan finantza auzoa da, eta hantxe dira munduko aseguru etxe eta banku garrantzitsuenen egoitzak eta burtsa. v Historia. 1750. urtean frantses kolonoek eremu honetan eraiki zuten Fort Rouillé gotorlekua baina 9 urte geroago alde egin zuten. 1787. urtean ingelesek indiarrei erosi zieten lurraldea eta 1793. urtean britainiarren mendeko Kanada Garaiko probintziako hiriburu bihurtu zuten York izenaz. XIX. mendean zehar hiria bizkor hazi zen merkataritza jarduerari esker. 1834. urtean Toronto izena hartu zuen, eta XIX. mende erdialderako eskualdeko burdinbidegune nagusia zen. XX. mendean etorkin asko heldu ziren Torontora, europarrak eta asiarrak, batez ere, eta hirigintza arazo larriak sortu ziren. Arazo horiei guztiei aurre egiteko 1953. urtean Torontoko metropolia edo federazioa eratu zuen Ontarioko legebiltzarrak.