tiroide
iz. eta izond. Anat. Laringearen aurrealdean eta behehaldean dagoen barne jarioko guruina. Arrautza itxurako bi gingil ditu, istmo batez lotuak. Istmo horretatik, zenbaitetan, hirugarren gingil bat ateratzen da (erdiko gingila edo Lalouette-ren piramidea). Han sintetizatzen dira, iodo ionikotik abiatuta, tiroidearen hormonak (tiroxina eta triiodotironina), eta haien bidez oinarrizko metabolismoa, hazkundea eta ehunen bereizketa erregulatzen ditu tiroideak. Arteria eta kirio ugari ditu. Tiroidearen jarduera jaio aurretik hasten da, eta zahartzaroan ahitzen. Handiagoa da emeena, eta sexu zikloan, haurdunaldian, bular ematean eta menopausian aldatzen da, bai neurriz, baita eginkizunez ere. Arrengan zein emeengan aldatu egiten da urtaroaren arabera: txikiagoa da eta iodo gehiago du uda amaieran eta udazken hasieran. Tiroidearen gaitz ohikoenak hauek dira: bozioa, hipertiroidismoa, hipotiroidismoa eta tiroiditisa. v Kartilago tiroidea. Laringeko kartilagorik handiena, krikoidearen gainean dagoena. Batzuetan, kanpotik antzematen den erliebea eratzen du lepoan (gorgoila).