tipografia
iz. Irar-letren bidez inprimatzeko tekniken multzoa. v Esan daiteke tipografia sortu zela irar-letra mugikor eta behin baino gehiagotan erabiltzekoak eta prentsa erabiltzen hasi zirenean, eta, inprimeriaren historian garrantzi handia izan badu ere, gaur egun baztertua gelditu da offset, litografia, fotokonposaketa eta konputerizazioak eskaintzen dituzten abantailak direla eta. Tipografiaren zeregin nagusiak irar-letrak diseinatu eta aukeratzea eta testu eta irudiak antolatzea da, baina tipografiako prozesu osoan sei pauso nagusi bereizten dira: lehenik inprimatu nahi diren letrei dagozkion moldeak, estilo eta neurri jakinekoak, aukeratzen eta antolatzen dira, eskuz edo mekanikoki; ondoren froga bat egiten da eta oker agertzen diren hitzak eta lerroak zuzentzen dira; gero irudien fotograbatua egiten da; testua eta irudiak prest daudenean orria moldatzen da testu, irudi eta espazio zuriak (tintak papera ikutu ez dezan inprimatu nahi diren moldeak baino garaiera txikiagoko berunezko piezak ezarriz) konbinatuz; orriak antolatu ondoren hurrenkeran jartzen dira, pleguka antolaturik eta orrien artean behar diren tarte zuriak uzten direla, eta burdinazko egitura batean finkatzen dira; eta azkenik, inprimatu egiten da, zilindro batzuen bidez moldeak tintaz bustiz eta ondoren paperaren kontra zapalduz.