Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tintoretto

(Jaiotza izenaz Jacopo Robusti). Italiar pintorea (Venezia, 1518 - Venezia, 1594). Berpizkundeko azken garaiko pintore nagusietako bat izan zen. Il Tintoretto, «tindatzaile txikia», ezizena eman zioten Venezian, aita tindatzailea baitzuen. Badirudi Tizianorekin ikasi zuela. 1545ean Erroman egon zen, eta lan batzuk egin zituen Michelangeloren eta Artetinoren ondoan. Goi artistengandik urrun egon zen eta sari apalak eskatu zituen bere hasierako lanen truke: Azken judizioa, Urrezko txahalaren gurtza (1546, Madona dell’Orto eliza, Venezia). 1548an San Markos esklaboa askatzen eta beste lan batzuk agindu zion San Markosko anaidiak. 1556tik aurrera agindu zizkioten lehen lan ofizial handiak: Frederiko Bizar-gorriaren koroatzea (1556) eta Alexandro III.a Aita Santua enperadorea eskumikatzen (1562). Bi lan horiek 1577ko sutean galdu ziren. 1562-1566 bitartean dekorazio lan garrantzitsuak, berrogeita hamar lanetik gora, egin zituen San Rocco anaidiarentzat, haren elizako koroan eta Scuola di San Rocco eskolan. Garai hartan ospe handia zuen Tintorettok, eta Tizianorena berarena, Veroneserena eta beste askorena gainditu zituen. Geroago Veneziako dogo edo dukeen jauregian (1572-1573, Lepantoko gudua) eta jaun handien jauregietan aritu zen lanean. Gai guztiak landu zituen: mitologia (Vulcano-ren sutegiak), historia eta alegoriak (Aloisio Mocenigo dogoa Erredentzioa gurtzen), eta erlijioa (Santa Katalinaren martiritza). 1577ko sutearen ondoren, aurrez eginiko lan batzuk eraberritu zituen (Nicola da Ponte dogoa mendeko hirien omenaldia hartzen) eta San Rocco anaidiarentzako lanetan jarraitu zuen. 1587an amaitu zituen lan horiek, eta han egin zituen bere erlijio lan nagusiak: Egiptoko ihesaldia, Deikundea, Kristoren jaiotza, Magdalena, etab. 1588an egin zuen Veneziako dukeen jauregiko azken lana, Paradisua, munduko pintura koadro handienetako bat. Tintorettok Veneziako hirian egin zuen lan gehienbat. Dekorazioa ere landu zuen, eta mosaiko lanetarako proiektuak ere egin zituen. Tizianoren klasizismotik urrundu eta inspirazio eta indar handiagoko lanak egin zituen; perspektibaren eta konposizioaren aldetik konplexua izan zen, irudi guztiz bihurriak erabili baitzituen. Argi apal batek hartzen ditu Tintorettoren obra guztiak eta kolore biziagoek nabarmentzen dituzte irudi nagusiak gainerako elementuetatik.