Tilak, Bai Gangadhar
Indiar politikari abertzalea, matematikaria eta filosofoa (Ratnagiri, 1856 - Bonbai, 1920). Kesari («Lehoia»), marathi hizkuntzazko astekaria, eta The Mahratta ingelesezko egunkaria sortu zituen, eta britainiarren agintearen aurka jardun zuen hasieratik. 1906an ingelesen aurkako boikotaren eta erresistentzia pasiboaren aldeko deia egin zuen India osoan barrena; harengandik hartu zuen Gandhi-k ingelesen lankide ez izateko borroka-xedea. 1908an ingelesek preso hartu zuten terrorismoa bultzatzen zuelakoan, eta Birmanian eduki zuten preso hurrengo sei urteetan. Garai hartan idatzi zuen, marathi hizkuntzaz, bere lan nagusia, Bhagawadgita-Rahasya, Bhagawadgita hinduen erlijio liburu sakratuari eginiko iruzkin-liburua.