Teodebaldo Ia
(Fr. Thibaud). Champagne eta Brieko kondea 1201-1253 urteetan eta Nafarroako erregea 1234-1253 bitartean, (Troyes, 1201 - Iruñea, 1253). Teodebaldo III.a Champagneko kondearen eta Blanka Gartzeizen Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregearen arrebaren, semea zen. 1234. urtean, bere osaba Antso VII.a Azkarra hil ondoan, egin zuten Nafarroako errege, eta horrenbestez kokatu zen Nafarroako erresuman lehen dinastia frantsesa, Champagneko etxea. Champagneko lurretan eman zuen halere denbora gehiena. Nafarroako aitonen seme askok ez zuten hura etortzea gogo onez hartu eta Nafarroako lege zaharrak errespetatuko zituela zin eginda baizik ez zuten koroatu. Ez zuen gaitasun berezirik politika gaietan eta, saiatu arren, hutsean geratu ziren Nafarroak XII. mendearen bukaeran galdutako lurraldeak berreskuratzeko egin zituen ahaleginak. Administrazio eta lege alorretan aldaketa handiak bideratu ziren haren erreinaldian: Nafarroako foruen lehen bilduma idatzi zen 1238an eta merindadeetan banatu zen erreinua hurrengo urteetan. Harreman onak izan zituen hiri berriekin, hango frankoekin batez ere, Tuterako biztanleekin arazo batzuk izan zituen arren, eta auzi luze bat izan zuen Pedro Jimenez de Gazolaz Iruñeko apezpikuarekin (1242-1253), elizak beretzat nahi baitzuen Iruñeko hiriaren gobernua. 1239-1240 urteetan VI. gurutzadan parte hartu zuen Palestinan. Hurrengo urteetan guztiz sendotu zuen Nafarroaren aginpidea gaur egungo Nafarroa Beherean. Hala eta guztiz ere, poeta gisa eta ez bestela egin zen ospetsu Europan. Errege trobadorea deitu zioten eta poeta handienen artekotzat eduki zuten XIII. gizaldian eta hurrengo mendeetan; hala, (Dante Alighieri-k poeta handitzat hartu zuen bere bi obretan: De vulgari eloquentia eta La divina Commedia. Teodebaldo II.a semea izan zuen ondorengo.
- tentsore
- tentsorial
- tentu
- tenuto
- Tenzing Gyatso
- Teodebaldo Ia
- Teodebaldo IIa
- teobromina
- teodizea
- teodolito
- Teodora