Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tennessee

Estatu Batuetako erdi-ekialdeko estatua. Mugak: iparraldean, Kentucky eta Virginia; ekialdean, Ipar Carolina; hegoaldean, Georgia, Alabama eta Mississippi; mendebalean, Mississippi ibaiak banatzen du Arkansas eta Missouri-tik. 109.152 km2 eta 4.972.000 biztanle. Hiriburua: Nashville. Hiri nagusiak: Memphis, Chattanooga, Knoxville. Klima kontinentala. Ekonomia: ekialdean baso ustiakuntza eta abere hazkuntza (behi azienda), eta mendebalean nekazaritza (artoa, tabakoa eta kotoia) eta abere hazkuntza (behi, ardi eta zaldi azienda); industria 1950. urtean hasi zen garatzen eta mea baliabideetan (ikatza, burdina, zinka, kobrea, fosfatoak); elektrizitate ekoizpenean (zentral hidroelektrikoak, zentral nuklearrak), eta metalurgia, kimika industria, ehungintza, papergintzan oinarritzen da. v Historia. 1541. urtean Hernando de Soto espainiarrak esploratu zuen lehenengoz. 1763. urtean Britainia Handiaren mendean geratu zen, eta 1770-1780 bitartean sortu ziren lehenengo herriak. 1796. urtean Estatu Batuetako hamaseigarren estatu bihurtu zen. 1861. urtean, Banakuntzarako gerran, banatu zen, eta 1866. urtean Estatu Batuen barnean onartu zuten berriro. Ku-Klux-Klan-en sorlekua izan zen (1865).