tenis
iz. Sare baten alde banatara kokatzen diren bi edo lau jokalari aritzen diren eta, erraketak erabiliz, elkarri pilota jaurtitzean datzan kirola. v Kirol. Tenisak XII-XIII. mendeko frantses pilota joko batean (jeu de paume, “esku jokoa”) ditu aztarnarik zaharrenak. 1873an Walter Wingfield ingelesak sphairistikè izeneko jokoa asmatu zuen, eta handik sortu zen gaur egungo tenis jokoa. 1877. urtean egin zen lehenengo munduko tenis txapelketa Ingalaterrako Winbledon-en. Jokoa pilota atera behar duen jokalariak hasten du. Bere zelaiko atzeko marra zapaldu gabe jo behar du pilota, sare gainetik zeharka igaro, eta kontrako jokalariaren zelaiko atzeko bazterrera iritsi behar du. Joko bakoitzean jokalari batena da sakea. Bietako batek pilota ekartzean huts egiten duenean, besteak puntua lortzen du (15, 30, 40 eta jokoa). Berdinketa denean (40-40), jokoak aurrera egiten du, bietako batek bi puntutako tartea lortu arte (lehiaketa batzuetan nahikoa da puntu batekoa). Bi jokoetako aldearekin, 6 joko eskuratzen dituen lehenengo jokalariak irabazten du set-a. Gizonezkoen lehiaketetan, 3 set-etatik 2 edo 5etik 3 lortzen dituenak irabazten du partidua; emakumezkoen lehiaketetan 3tik 2 irabazten dituenak. 1970. inguruan partiduen denbora mugatzeko, tiebreaker edo berdinketak desegiteko sistema berria zabaldu zen. Jokalariek seina joko lortuak dituztenean erabiltzen da, eta bi puntuko tartearekin 7 puntu lortzen dituen lehenengo jokalaria izaten da irabazle.