Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tenia

iz. Zool. Ziklofilidoen edo tenoideoen ordenako zenbait bizkarroi zestodoren izena. Animalia bizkarroiak dira. Oro har gizonaren eta etxeko animalien digestio aparatuan bizi dira, baina arrainen barruan ere izaten dira. Gorputza xingola itxurakoa dute, eraztun formako segmentuez eratua. Neurriz alde handia izan dezakete; badira 1 mm luzekoak eta 15 m luzekoak. Mota batzuk hermafroditak dira eta segmentu bakoitzean dituzte sexu arra eta emea. v Tenia zizarea (Taenia solium). 2, 3 eta 8 m luze ere egin daitekeena eta kolorez zurixka dena. Bi kako ilara eta lau bentosa ditu buruan. Tenia zizareak 900 segmentutaraino izan ditzake gorputzean. Ez du digestio aparaturik; zerrien hesteetan hazten da eta bere azaletik bideratzen du horietan hartzen duen hazkurria. Arrautzez ugaltzen da; horietatik sortzen diren larbak zerriaren giharretan kokatzen dira zorro itxurako puslak eratuz. Larba horiek dituen haragiak eragiten dio gizonari zestodiasi gaitza. v Ekinokoko tenia (Taenia echinococus edo Echinococus granulosus). Heldua denean zakurraren, otsoaren eta behien hesteetan bizi izaten den tenia mota. Lau segmentu izaten ditu. Tenia mota horren larbak behien, ardien, beste hainbat belarjaleen eta, sarria ez den arren, gizonaren zenbait organotan koka daiteke. Larba horiek giltzurrunetan eta burmuinetan kokatzen direnean ebaketaz bakarrik gal daitezke. Horiez gainera, Taenia sagitata eta Diphyllobothrium latum izenekoak dira ezagunak, gizonaren bizkarroiak direnak.