Telleria Arrizabalaga, Juan
Gipuzkoar musikagilea (Zegama, 1895 - Madril, 1949). Musikako oinarrizko ikasketak Donostian egin ondoren Madrilen hartu zuen bizilekua (1915), eta bi urte geroago estreinatu zion bertako orkestra sinfonikoak haren La dama de Aitzgorri saiakera sinfonikoa. 1919an Parisa joan zen ikasketak ontzera eta Alemaniara ondoren. 1925ean itzuli zen eta 1927. urtean El cabaret de la academia konposizio lirikoa taularatu zuen, 1930ean Los blasones opereta, eta lau urte geroago El joven piloto, Cuadros sentimentales de la vida en el mar y en los puertos. Urte berekoa da Venta de Vargas pasodoblea. Madrilgo Musika Kontserbatorioko katedraduna izan zen 1946. urtea arte. Cara al sol ereserkia, Las viejas ricas konposizio lirikoa eta Aizean barna lied-a idatzi zituen, halaber. Elizako kantuak ere egin eta moldatu zituen, Ogi zerutik, besteak beste.