teleskopio
iz. Urrutiko gauzakiak eta bereziki argizagiak ikusteko optika tresna. v Lehen teleskopioetan irudien fokalizazioa lente sistemen bidez egiten zen; geroagokoetan ispiluez baliatu ziren. Teleskopio optiko horiek guztiek argia jasotzen dute; 1930 urteetan erabiltzen hasi ziren irrati teleskopioetan, ordea, argizagiek igorririko uhin elektromagnetikoek moldatzen dute irudia. Berrikiago beste uhin luzerako bandak, bereziki ultramoreak, X izpiak, infragorriak eta gamma irradak jasotzen dituzten teleskopio bereziak, zenbaitetan sateliteetan ezarriak, erabiltzen hasi dira. v Lehenbiziko teleskopio optikoen artean Galileo izenekoak zeuden, astronomo italiarrak eginikoen arabera moldatuak; tresna horiek hodi batean ezarritako bi lentez osatuak ziren. 1610 inguruan J. Kepler-ek okular ganbila behatzailearen begiaren eta fokuaren artean ezartzean geroztikako errefrakziozko teleskopioen oinarri izan zena osatu zuen; modu horretara, gutxienez 1.000 bider handitzeko ahalmena lortu zuen. Erreflexio teleskopioetan, bestalde, ispilu nagusiak, parabolikoa gehienetan, alderantzizko irudi erreala moldatzen du bere plano fokalean. Lehenengo ispilu horren fokuan kokatua eta askoz txikiagoa den bigarren ispilu batek albo batera edo ardatzaren norabide berean islatzen ditu argi izpiak, teleskopioaren hoditik kanpora, behatzaileak irudia antzeman dezan moduan. Antza denez, lehen erreflexio teleskopioak Newton-ek moldatu zituen 1671n. Tresna horietan ispilu nagusia esferikoa da eta bigarrena laua, teleskopioaren ardatzarekiko 45 gradu makurturik dagoena. G. Herschel-ek bigarren ispilua kendu zuen bere teleskopioan (1783), ispilu nagusiari makurtze maila egokia ematen ziola. Cassegrain-en teleskopioan bigarren ispilua hiperboliko ganbila da, ispilu nagusiaren ardatz berean kokatua, eta ispilu horretan egindako irekigune batera islatzen ditu argi izpiak; era horretara, distantzia fokala askoz luzeagoa da (irudi handiagoak). Newton eta Cassegrain sistemak konbinaturik agertzen dira Foucault-Cassegrain izeneko tesleskopioan, baita geroago erabili direnetan ere. Nolanahi ere, arazo bat sortzen dute tresna horiek, teleskopioak zenbat eta gehiago handitu hainbat eta ikus-eremu txikiagoa hartzen baitute. Ikus-eremua zabaltzerakoan ispilu ahurrak sortzen duen deformazioa (esferizitate aberrazioa) geroz eta handiagoa izaten da. Hori zuzentzeko eta ikus eremu handiak behatu ahal izateko, 1932an Bernhard Schmidt estoniarrak errefrakzioa eta erreflexioa konbinatzen dituen teleskopioa sortu zuen. Hamar minutu inguruko arkuaren ordez, Schmidt-en teleskopioak hamarka graduko eremua hartzen zuen. Ispilu nagusia esferikoa da eta haren gainetik jarritako lente berezi batek ispiluak sortutako aberrazioa deuseztatzen du. Modu horren arazo nagusia eragiten duen eremu kurbatura handia da; hargatik, argazkiak pelikula edo plaka kurbatu esferikoetan hartzen dira. v Irrati teleskopioak ispilu nagusi paraboliko batez hornituak izan ohi dira. Erresoluzio ahalmen handiagoa lortzearren bi antena paraboliko edo gehiago loturik dituzten interferometro sareak erabiltzen dira. Lurreko atmosferak 3.000 angstrom baino gutxiagoko uhin luzera duten irradiazioak pasatzen uzten ez dituenez, koheteetan edo sateliteetan 100 km-ko garaiera inguruan ezarritako teleskopioak erabiltzen dira. Uhin infragorriekin lan egin behar duten teleskopioak eraikitzeko zailak dira, ispiluek eta euskarriak berak izpi infragorriek igortzen baitituzte –zenbaitetan espaziotik datozenak baino areago direnak– eta, gainera, zenbait uhin luzerari dagokienez, garaiera handiagoak beharrezkoak dira erabateko gardentasuna lortu ahal izateko.