Tasso, Torcuato
Italiar poeta (Sorrento, 1544 - Erroma, 1595). Haurtzaro goibela izan zuen aitak erbestera alde egin egin behar izan zuelako eta ama hil zitzaiolako. Italiako gortearekin harremanak izan zituen, eta Luis Esteko kardinalaren zerbitzari egon zen. Poeta epiko garrantzitsuenetako bat da. 1562. urtean Il Rinaldo (Reinaldo), lehen poema, argitaratu zuen, eta 1573. urtean Aminta pastorala. Oso ezagun egin zen La Gerusalemme liberata (1581, Jerusalem Askatua), 20 kantuz osatutako poema epikoari esker; lehenengo Gurutzadaren garaian Jerusalemen konkista kontatzen du. Poema horri egin zitzaizkion kritikek eragin handia izan zuten Tassorengan, eta sortu zitzaizkion kezkengatik bere poema epikoaren beste aldaera bat idatzi zuen: La Gerusalemme conquistata (1593, Jerusalem konkistatua), baina lehen liburuak baino askoz ere maila apalagoa zuen horrek. Beste poema erlijioso batzuk ere idatzi zituen: Lagrime di Maria Vergine (Ama Birjinaren malkoak), Lagrime di Gesù Cristo (Jesu Kristoren malkoak), Monte Oliveto (1605, Olibete mendia).