Tarrés, Jordi
Espainiar trial pilotua (Rellinars, Bartzelona, 1966). Hamabi urte zituela Europako txapeldun izan zen bere kategorian, trialsin-en hain zuzen ere. 1983an Espainiako titulua irabazi zuen modalitate horretan. Urte horretan bertan trial alorrean hasi zen, eta Sevillan lortu zuen lehenengo garaipena. 1984an igeltsero lanbidea utzi eta era profesionalean hasi zen motoziklismoan. Espainiako txapelketan egin zuen debuta, eta zortzigarren lekuan gelditu zen. 1985ean hirugarren izan zen eta handik urtebetera lortu zuen lehenengo titulu nazionala. 1986-1994 urteen bitartean bederatzi alditan lortu zuen titulu hori bera. Espainiako txapelketan 65 saio garaitu zituen. Munduko txapelketan 1985ean egin zuen debuta. Aldi horretan hamaikagarren izan zen, eta karrera osoan zazpitan lortu zuen txapelketa irabaztea (1987, 1989, 1990, 1991, 1993, 1994 eta 1995), eta beste bitan bigarren gelditu zen (1988 eta 1992). Herrialdekako munduko txapelketan 1989, 1991, 1992, 1993 eta 1994an irabazi zuen. 1997an utzi zuen kirola.