Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tallinn

(Errus. Tallin; Antzina Reval). Estoniako hiriburua eta portua, estatuaren ipar-erdialdean, Finlandiako golkoaren ertzean (Itsaso Baltikoa). 482.000 biztanle. Unibertsitatea. Jarduera handiko portua izateaz gainera, burdinbide gune garrantzitsua da. Industria (tresneria elektrikoak eta mekanikoak, ontziolak, janari industria), arrantza eta merkataritza dira ekonomia jarduera nagusiak. Monumentu ugari gorde dira hirian. Aipagarriak dira, besteak beste, hiriaren gainean dagoen XIX. mendeko gaztelu dorreduna, XIII-XIV. mendeetako eliza gotikoa, XIV-XV. mendeetako udaletxea, garai bereko harresiak eta XIII-XV. mendeetako eliza eta jauregi ikusgarriak.  v  Historia. 1219. urtean daniarrek konkistatu zuten eta Toompea-ko gotorlekua eraiki zuten hiriaren gaineko muinoan. 1285. urtean Hansa merkataritza elkartean sartu zen eta oparotasun handian bizi izan zen hiria. XIV. mendean Livoniako ordenaren esku egon zen eta 1561ean Suediaren mende. 1710. urtean Petri Handiak konkistatu zuen eta 1721ean Errusiaren mende geratu zen. Alemaniarrek okupatu zuten 1918 eta 1941-1944 urteetan.