Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Talleyrand

(Charles-Maurice de Talleyrand-Périgord jaiotza izenaz). Frantses politikaria (Paris, 1754 - Paris, 1838). Talleyrand-Périgord-eko kondearen semea zen. Herren geratu zen haurtzaroan izandako istripu baten ondoren eta, gudarostean sarrerarik ez zuelarik, seminarioan sartu zen bokaziorik ez zuen arren. Apaiztu ondoren, goi karguak izan zituen, aristokrata zelako, eta, Autungo apezpiku egin eta gero (1788), kleroaren ordezkari izendatu zuten 1789ko Estatu Orokorretarako. Ideia berrien alde jokatu zen hasieratik: biltzar bakar baten beharra aldarrikatu zuen, konstituzio berriaren alde egin zuen eta elizaren ondasunak estatuaren eskuetara igarotzearen alde mintzatu zen. Kleroaren konstituzio zibila aldarrikatu ondoren (1790), konstituzioaren aldeko apaizen buruzagi bihurtu zen eta Autun-go apezpiku kargua utzi zuen. Aita Santuak kondenatu zuen horregatik eta eliza utzi zuen. Diplomazia lanetan hasi zen ondoren, eta Ingalaterrara bidali zuten, britainiarren neutraltasuna lortzeko. 1792an Orléans-ko dukearen aldeko lanetan ari zelako salaketa egin zioten eta Ingalaterran eta Estatu Batuetan babestu zen handik aurrera. Robespierre hil ondoren (1794), Frantziara itzuli eta kanpo harremanetarako ministro izendatu zuten. Kargu berean jarraitu zuen Napoleonek estatu kolpea jo ondoren (1799) eta Eliza katolikoarekiko Konkordatoa negoziatu zuen. Titulu asko jaso zuen Napoleongandik hurrengo urteetan, Bénévent-eko printze titulua, besteak beste. 1807an kargu guztiak kendu zizkion Napoleonek, haren kanpo politika onartzen ez zuelako, eta 1809an Napoleonen aurka saiatu zen, baina alferrik. 1814an, Napoleonen agintaldia amaitu ondoren, politika mundura itzuli zen eta kanpo arazoetako ardura hartu zuen gobernu berrian. Vienako kongresuan parte hartu zuen, eta saiatu zen aliatuak zatitzen. Ahalegin haiek hutsean geratu ziren Napoleonen estatu kolpearen ondoren (1815ko apirila) eta gerokoan monarkia berriro ezartzearen alde gogotik jardun arren, baztertu egin zuten erregezale muturrekoek. Enbaxadore egon zen Londresko konferentzian 1830-1831 bitartean.