Tabakalera
(Izen osoz, Tabakalera Kultur Fabrika). 2004an, Donostiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortutako Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneak hartzen duen izena da. Eraikina (13.000 m2-ko orubea, Egia auzoan) tabako-lantegia izan zen 1913tik 2003ra bitartean, eta hortik datorkio izena. Tabakalerak arte garaikidearekin, telebista, bideoa eta zinemarekin, edota diseinua eta soinuarekin zerikusia duten jarduerei buruzko erakusketak, zikloak, eztabaidak eta abar antolatzen ditu, baina batez ere lanerako, ekoizpenerako, sorkuntzarako lekua izan nahi du.