Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sunni

(Arab. sunni, “sunna-ren printzipioen jarraitzailea”). iz. eta izond. Islamismoan, ortodoxoari dagokiona edo ortodoxia horren jarraitzailea. Sunni-ek musulmanen gehiengoa osatzen dute eta politikaren, dogmen edo zuzenbidearen alorrean xii-ten aurkakoak dira. Sunni-ek lehen lau kalifak, omeiarrak eta abasiarrak Mahomaren ondorengotzat hartzen dituzte; xii-ek soilki Ali eta haren familiako imanak onartzen dituzte halakotzat. Korana eta sunna iturburutzat harturik, sunni komunitateak lege kanonikoa (saria) eta teologia (kalam) garatu zituen. Saria-k zuzenbide kanonikoaren (fiqh) bidez bizitza guztia gobernatzen du: barne bizitza (gurtza eta Jainkoarekiko harremanak) eta kanpo bizitza (gizakien arteko harremanak, familia, gizartea, politika). Nolanahi ere, lau sistema juridiko (madhab) bereizten dira sunnien artean, XIII. mendean jadanik finkatuak zirenak. Hala, madhab maliki Malik ibn Anas-ek (710-195) sortu eta Ipar Afrika, Afrika Beltza eta Goi Egiptora zabaldu zen. Bigarren eskola, madhab hanafi, Abu Hanifa-k (696-767) Irak-en sortu eta Siria, Asia Txikia, Khrasan, Transoxiana, Afganistan, India, Pakistan, Balkanak, Erdialdeko Asia turkiar eta Txinara zabaldu zen; inperio otomandarrarena izan zen bereziki. Hirugarrena, mahdab safii, Abu Abd Allah Muhammad ibn Idris al-Safifi-k (766-820) sortu eta Yemen, hegoaldeko Arabia, Bahrein eta Malaysiara zabaldu zen. Azkenik, laugarren eskola, mahadab hanbali, Ahmad ibn Hanbal-ek (780-855) sortua, Indiako zein Magreb-eko zenbait eskualdetara eta, batez ere, Arabiara zabaldu. Hala eta guztiz ere, zuzenbidearen zein teologiaren esparruko desberdintasunak ez dira erabakigarriak izaten, beren arteko fede komunitatearen sentipena baita nagusi. Gaur egun, musulmanen % 85 inguru sunni-ak dira, 550-730 milioi inguru.