Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sun Yat-Sen

Txinako iraultzailea (Kanton, 1886 - Pekin, 1925). Medikuntza ikasketak egin zituen Hawain eta Hong-Kongen, eta sendagile izan zen Makaon. 1894an Txina berriro antolatzeko elkartea sortu zuen Filipinetan. Triades izeneko ezkutuko elkarteko kide izan zen eta monarkiaren aurka borrokatu zen. Londresa erbesteratu behar izan zuen eta 1908an Liga Iraultzailea sortu zuen, gero Kuomintang alderdia bilakatu zena. 1911ko bukaeran, iraultza hasia zelarik, Xangaira joan zen eta berehala Txinako errepublikako lehendakari izendatu zuten, baina Yuan Xikai jeneralari aurre egiteko indar militarrik ezean erbesteratu egin behar izan zuen berriro. 1918an beste gobernu iraultzaile bat egin zuen Xangain eta Kantonen, nazio indartsuekiko berdintasuna, demokrazia eta ekonomia aurreramendua aldarrikatzen zituena. 1921ean Japoniara ihes egin zuen eta mendebaleko nazioen laguntza eskatu zuen, alferrik ordea; sobietarrek, berriz, laguntza eskaini zioten eta Txinako komunisten lankidetza ere onartu zuen. 1923an Txinako iparraldeko jauntxoak garaitu zituen sobietarren laguntzaz. 1924an Kuomintang-ek programa politiko berria jakinarazi zuen. 1925ean Sun Yat-Sen Pekinen sartu zen eta handik gutxira hil zen. Txina modernoaren sortzailetzat hartua izan da.