Soto Gabiola, Sara
Bizkaitar musikagilea, Irunen errotua (Gorliz, 1941 - Irun, 1999). Gaztetatik mugikortasuna erabat mugatuta utzi zuen gaitzak ez zion galarazi musikagintzan zein pinturan edo literaturgintzan aritzea. Musika ikasketak bere kabuz egin zituen, eta musikagintzaren alorrean ganbera musika eta koru musika landu zituen gehienbat. Bere obrarik ezagunenetakoa Nestor Basterretxearen testu batean oinarritutako Karraxiz koru poema izan zen, 70eko hamarkadaren amaiera aldekoa. Organorako hainbat pieza ere sortu zituen, besteak beste, Cripta izenekoa, Nestor Basterretxeak Arantzazurako eginiko horma lanetan inspiratua.