Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Soljenitsin, Aleksandr Isaievitx

Errusiar idazlea eta historialaria (Kislovodsk, 1918 – Mosku, 2008). Matematika eta fisika ikasketak egin zituen Moskun. Bigarren Mundu Gerran Sobietar Batasuneko osteekin borrokatu zen, baina gerra amaitu ondoren Stalinen kontrakoa zela eta, zortzi urtez Siberiara erbesteratzeko zigorra ezarri zioten lehenik eta hiru urteko kartzela zigorra ondoren. Aske gelditu zenean, bere iritziak adierazten zituzten idatziak kaleratzen jarraitu zuen (Egun bat Ivan Denisovitx-en bizitzan, besteak beste), eta hori zela eta arazo handiak izan zituen; Idazleen Elkartetik bota zuten eta azkenik, 1974an, Sobietar Batasunetik erbesteratu zuten. Zurich-en bizi izan zen 1976 arte eta Estatu Batuetan ondoren. 1990ean, Sobietar Batasuna desegin zenean, bere herrira itzuliko zela agindu zuen han bere lan guztiak argitaratzen bazizkioten. Soljenitsin-en lanetan errusiar literaturaren ohiko ezaugarriak agertzen dira, gizatasuna bereziki, Dostoievski, Tolstoi eta Gogolen lanetan bezala. 1970. urtean Literaturako Nobel saria eman zioten baina ezin izan zuen jaso 1974an Sobietar Batasunetik erbesteratu zen arte. Lan nagusiak: V kruge pervom (1968, Lehenego zirkulua), Abuztua 1914 (1971), Arkhipelag Gulag (1973, Gulag uhartedia), Agintari sobietarrei gutuna (1974), Lenin Zurichen (1975).