Solís Ruiz, José
Espainiar politikaria (Cabra, Kordoba, 1913 - Kordoba, 1990). Zuzenbide ikasketak egin zituen. 1936an militarren altxamendua izan zenean haien taldean boluntario sartu, eta koronel izatera iritsi zen. Gerra amaitutakoan, Pontevedrako gobernadore zibil izan zen 1946an, eta Gipuzkoakoa 1948an, nahiz eta hiru hilabetez bakarrik iraun bertan, Nazioko Ordezkari Sindikal eta Erreinuko Kontseiluko kide izendatu baitzuten. 1957an Franco jeneralak Mugimenduko Idazkaritza Nagusiko buru izateko deitu zuen. Gobernuan sartu arren Sindikatuetako Ordezkaritza Nazionaleko kargua ere bete zuen, eta erregimenaren falangismoa samurtzea lortu zuela esan daiteke. Gobernualdi askotan irautea lortu zuen, baina MATESA finantza eskandaluaren ondoren bere kargutik egotzi zuten. 1975ean, Arias Navarro gobernuburuak Mugimenduko Idazkaritza Nagusia eman zion berriro. Urte hartan bertan, esku hartu zuen Saharako koloniaren autodeterminazioari buruz Nazio Batuekiko zituzten hitzarmenak bertan behera utz zitezen, eta Sahara Marokoren esku uzteko. Monarkia garaian, 1975-1976 bitartean Laneko ministro izan zen. 1977an Alderdi Popularreko kide egin zen, baina hurrengo urtean politika utzi zuen.