Sofokles
Greziako poeta tragikoa (Kolona, K.a. 496 - Atenas, 406). Familia aberatsekoa zen eta Atenasko bizitza publikoan garrantzizko karguak izan zituen; zenbait espedizio militarretan, halaber, estratega gisa jardun zuen. Hiriaren eta greziar kulturaren garairik gorenean, “Perikleren mendean”, bizi izan zen eta Perikle, Fidias eta Herodoto haren lagunetarikoak ziren. Izpiritu irekikoa eta izaera baketsukoa zen; bere garaikideen begirunea bereganatu zuen, eta bere obrek harrera ezin hobea izan zuten. Tradizioaren arabera 123 obraren egile izan zen; antzerki lehiaketetan 24 aldiz irabazi zuen, eta beste askotan bigarren gelditu zen. Obra anitzetatik titulua eta zenbait zati besterik gorde ez badira ere, osorik iritsi diren 7 tragediek tokia eman diote tragediaren historian: Aias (K.a. 450 inguruan, Ajax); Antigonê (442 inguruan, Antigona); Oidipous tyrannos (430 inguruan, Edipo errege); Elektra (425 inguruan, Elektra); Trakhiniai (415 inguruan,Trakiniak); Philoctêtês (409 inguruan, Filoktete); Oidipous epi Kolônô (401 inguruan, Edipo Kolonan). Sofoklesek gai ugari ukitu zituen bere obretan, baina parterik handiena Tebasko eta Troiako elezaharrei dagokiena da. Jainkoei ez zien Eskilok beste garrantzirik eman; baina, bestalde, ez zuen Euripidesen ikuspegi arrazionalista hutsa ere. Sofoklesen ustez patuaren ezinbesteko legeek baino areago kausa psikologikoek eramaten dute heroia galbidera edo moldatzen dute haren arrakasta. Sofoklesengan gizakiaren zoriontasun ezaren kontzientzia eta oinazearen aurreko duintasuna biltzen dira, baita pentsamendu arrazionala eta haren meneko ez diren indar ilunak ere. Sofoklesek, bestalde, teknikaren eta poetikaren alorreko berrikuntzak ekarri zituen: protagonistaren izaera ez da osorik emana tragediaren hasieratik, aitzitik, eginez joaten da beste pertsonaiekiko harremanetan, ikusleen begien aitzinean; ekintza joria da, gorabehera gehiagoz hornitua; elkarrizketaren garrantzia geroz eta handiagoa da eta koroaren alderdiaren murrizketa; hizkuntzaren perfekzioa, baina ohiko hiztegiaz baliatzen da eta ez du Eskiloren metafora ausartarik. v Antzinateko kritikariek guztiz miretsi zuten Sofoklesen obra eta Aristotelesek eredutzat zuen. Ondoren Euripides hobetsia izan bazen ere, XIX. mendetik aurrera, Lessing-en eta F. Schlegel-en oharpenetan oinarriturik, haren obraren aberastasuna berriro ezagutarazten hasi zen. Sofoklesen eraginaz ohartzeko, aski da pentsatzea egungo kulturaren alorrean Elektra, Antigona edo Edipo bezain garrantzitsuak eta erabiliak diren pertsonaiak, gehienbat, autore horrek bideraturiko bertsioan ezagutu direla.