Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB)
(Errus. Soďouz Sovietskikh Sotsialistitcheskikh Respublik, SSSR). Europako estatu ohia, 1922an sortu eta 1991n desegin zena; Errusiako tsarren inperioa osatzen zuten lurraldeak hartzen zituen; 1991tik aurrera haren parterik handienaz Errepublika Independienteen Elkartea moldatu da. Bigarren Mundu Gerraz geroztik 15 errepublika federatuk osatua zen: Armenia, Azerbaijan, Bielorrusia, Errusia, Estonia, Georgia, Kaszakhastan, Kirgizistan, Letonia, Lituania, Moldavia, Tajikistan, Turkmenistan, Ukraina eta Uzbekistan. 22.400.000 km2; 292.000.000 biztanle (1990). Biztanleak: sobietarrak. Hiriburua: Mosku. v Sobietar Batasunak historia, politika eta ekonomia alorrean izan duen garrantzia ulertzeko haren neurriak eta baliabide handiak hartu behar dira kontuan; garrantzi hori are handiagoa baita berak gidatzen zituen ideologia marxistako herrialdeek osaturiko blokeari erreparatuz gero. Ezaugarri ia feudalak zituen inperio zahar baten egitura politikoak, administratiboak, ekonomikoak eta sozialak erabat aldatu zituen 1917ko iraultza boltxebikeak. Horrek eragin erabakigarria izan zuen ondorengo nazioarteko historiaren bilakaeran: 1922tik jadanik mendebaleko estatuek neurri bereziak hartu zituzten iraultza hark kutsa ez zitzan; Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondoren, Sobietar Batasunaren irudiko erregimenak ezarri ziren Europako ekialdean eta hogeita bost urtez mundu osoaren egoeran eragin handia izan zuen “gerra hotza” sortu zen. v Estatuaren antolakuntza eta administrazioa. 1922ko abenduaren 30ean Sobieten Kongresuak Sobietar Batasuna sortu zuen, Errusia, Ukraina, Bielorrusia eta Transkaukasia (Georgia, Armenia, Azerbaijan) barne hartzen zituela. Gerora gainerako errepublikak erantsi zitzaizkion: Uzbekistan eta Turkmenistan (1924); Tajikistan (1929); Estonia, Letonia, Lituania eta Moldavia (1940). Estatua, beraz, nazio askotarikoa zen, eta egitura federalekoa. Halaber, nazionalitateen eta arrazen berdintasun printzipioari men eginez, zenbait errepublika federaturen barne etnia edo talde nazionalei zegozkien errepublika autonomoak (20), oblast edo probintziak (8), okrug edo barruti autonomoak (10) eta lurralde zein probintzia asko bereizten ziren. Modu horretara 100dik gorako talde etnolinguistikoek beren kultura eta hizkuntza gorde edo garatu ahal izan zuten. Errepublika federatuak eskubidez berdinak eta burujabeak ziren eta, konstituzioaren arabera, autonomia nazionala zuten (politikoa, militarra, linguistikoa, kulturala). Nolanahi ere, eskubide horiek formalak ziren gehienbat, zeren eta haietaz baliatzeko egokieraz alderdi komunistak ez bestek erabaki baitzezakeen. Legegintzari dagokionez, estatuaren aginpide-organo nagusia Sobiet Gorena zen, bi kamarez osatua –Batasunaren Sobieta eta Nazionalitateen Sobieta–, eta sufragio unibertsalez lau urtean behin hautatzen zena. Organo horretatik Sobiet Goreneko Presidium delakoa –estatu-buru kolegiatuaren zeregina betetzen zuena– eta Ministro Kontseilua irteten ziren. Sobiet Gorenari eta haren batzordeei administrazio federalaren kontrola zegokien; errepublika federatuen edo errepublika autonomoen administrazioa sobieten esku zeuden eta, hala berean, beheragoko mailetan. Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistak, bere aldetik, eginkizun erabakigarria zuen Sobietetarako hautagaiak aukeratzeko prozeduran. v Alderdi Komunista. Bakarra, zentralizatua eta Lenin-en ideien arabera moldatua, haren aginpide-eginkizuna guztizkoa zen, errepublika guztietan eratua zegoelarik. Alderdiak, beraz, gizarte bizitzaren maila guztietara zabaltzen du bere ideologia eta politika: ekonomia, kultura, hezkuntza, zientzia, artea, armada. Alderdiko Kongresuak Batzorde Zentrala izendatzen zuen eta hark, berriz, alderdiaren zuzendaritza organoa, Politburo edo Bulego Politikoa, aukeratzen zuen, eta bulego politikoak alderdiko idazkari nagusia hautatzen zuen, estatuaren egiazko agintari gorena, alegia. v Ekonomia eta gizartea. Sobietar Batasunak ekonomia planifikatua eta zentralizatua garatu zuen; produkzio baliabide (lurrak, fabrikak, garraiabideak, merkataritza…) guztien jabetza estatuari edo kooperatibei zegokien. Gosplan izeneko organismoak bost urteko planak –zentralizatuak eta ezinbestean bete beharrekoak– antolatzen zituen. 1950 arte industria azpiegiturak eta industria astunak beretu zuten halako planen lehentasuna; handik aurrera, nekazaritzak eta kontsumorako produktuek hartu zuten lehentasuna. Nekazaritzak langileriaren % 15-20 hartzen zuen eta, ongarriz, makinaz eta biltegiz urri izanik ere, munduko lehen ekoizlea zen zenbait produktutan (patata, azukre kanabera, garagarra, zekalea) eta aurrenetarikoa beste batzuetan (artoa, oloa, kotoia, artilea). Hala eta guztiz ere, zenbait labore inportatu behar zituen eta nahiz eta behi zein ardi aziendaren ekoizpena handia izan, ez zen nahikoa barneko beharrak asetzeko. Produkzio kolektiboa kolkhoz-ei (kooperatibak) eta sovkhoz-ei (estatuko etxaldeak) zegokien; horien ondoan, jabego pribatuko etxalde txikiak ziren, biztanleen eguneroko beharrak asetzen zituztenak hein handi batean. Industria Sobietar Batsunaren indarraren oinarria izan da. Langileriaren % 40 inguruk hartan ziharduten. Mea eta energia baliabideen ustiakuntzak munduko lehen edo bigarren mailan jarri zuen hainbat gairi dagokionez: ikatza, petrolioa, gas naturala, elektrizitatea, burdina, bauxita, manganesoa… Europako Errusiako erreserbak agortzeko bidean jarri zirenean Siberia lehen hornitzailea bihurtu zen. Industria astuna munduko lehenetarikoa zen, hala nola mea arro handietako siderurgia eta kimika. Industria arina, ordea, ez zen hain garrantzitsua. Distantziak hain handiak izanik, komunikabideak ekonomia sobietarraren arazo handia ziren. Hegazkin eta espazio industriak indar handia zuen. Nazioarteko merkataritza harremanak ez ziren hain garrantzitsuak eta gehienbat Comecon-eko herrialde komunistekin egiten ziren. v Gizarte segurantza eta dohaineko osasun zerbitzuak biztanle guztiengana iristen ziren. Hezkuntza nahitaezkoa zen 7-17 urte bitartean. v Historia. SESBren sorrera. 1917ko azaroaren 7ko (edo urriaren 24, orduko egutegiaren arabera) iraultzaren ondoren, boltxebikeek gobernua (Herriaren Komisarien Kontseilua) osatu zuten Leninen buruzagitzapean. Garrantzi handiko dekretu zenbait aldarrikatu zuten berehala: bakea ezartzearen aldekoa, lurrari buruzkoa (jabetza handiak deuseztea), langileen kontrola (desjabetzarik gabe), nazionalitateei buruzkoa (herrialdeen berdintasuna eta burujabetza). 1917ko abendutik 1918ko azarora bitartean, gobernu sobietarraren aginpide berria eratuz joan zen: kontrairaultzaren eta sabotaiaren aurkako Batzordearen (Txeka) eta Armada Gorriaren sorrera; Elizaren eta Estatuaren bereizketa; emakumeen askapen politikoa; tsarrak eta Gobernu Probisionalak hartutako zorrak ez onartzea; Nazio Ekonomiaren Kontseilu Gorenaren sorrera; nazionalizazioen hasiera (bankuak, burdinbide sareak, barneko eta kanpoko merkataritza, industria). Lehen Mundu Gerran Lenin-ek Brest-Litovsk-en sinatu zen 1918ko martxoaren 3an, lurralde asko utzi behar izan zituztelarik (Kurlandia, Baltikoko herrialdeak, Polonia, Finlandia, Ukraina eta Besarabia). Gerrak eta nahasmenduak deusezteko industria berreraikitzen hasi orduko berriro gerraren aurrean aurkitu ziren Aliatuak herrialdean sartu baitziren kontrairaultzaileen armada “zuriari” laguntzeko prest. Gainera 1918ko apirilean alemanek, Ukrainan sarturik, beren aldeko gobernua ezarri zuten bertan eta japoniarrak Vladivostok-ez jabetu ziren. Uztailean, Sobieten V. Kongresuan Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalaren (ESESF) lehen Konstituzioa onartu zuten. Kinka horretan, “gerra-komunismoa” izeneko neurri multzo gogorra hartu zuten boltxebikeek, hirien mantenua ziurtatu behar zuen nekazaritza produktuen konfiskazioa bereziki. Hiru urteko gerra hura aldi berean izan zen zibila eta kanpoko erasoaren aurkakoa, eta, haren ondorioz, gosetea eta izurriteak izan ziren eta milioika pertsona hil ziren. Lurraldeak askatu ahala, haiek ESESFean sartuz joan ziren –Ukraina (1920 abendua), Bielorrusia (1921eko urtarrila), Azerbaijan (1920ko iraila), Georgia (1921eko maiatza), Armenia (1921ko abendua)– eta 1922ko abenduan SESB sortu zen. Bestalde Poloniak bere independentzia berreskuratu zuen eta Lituania, Letonia, Estonia eta Finlandia estatu gisa eratu ziren. Gerraren ondorioz, halaber, lehengo erregimenarekin loturiko milioi inguru pertsonak –aristokratek, funtzionarioek, burgesek- alde egin zuten. v Politika ekonomiko berria. Zazpi urteko gerra etengabearen ondoren estatuaren ekonomia lur jota zegoen: industria produkzioa –1913ko zazpirena–, meategiak eta burdinbide sarea deseginik zeuden eta landetako produkzioa ere asko apaldu zen. Krisi ekonomikoari krisi politikoa gaineratu zitzaion: alde batetik nekazari talde batzuk matxinatzen hasi ziren eta, bestetik, Armada Gorriak zanpatu zuen Kronstadt-eko marinelen matxinada (1921eko martxoa) boltxebikeen aurkako ezkerreko oposizioaren adierazpena izan zen. Egoera horren aurrean, Leninek produkzioa berpiztea helburu zuen politika ekonomiko berria onartarazi zuen alderdiaren IX. Kongresuan (1921eko martxoa). Politika ekonomiko berriak ekimen lerro bikoitza bideratu zuen: kapitalismo pribatuaren itzulera mugatua eta kontrolatua, alde batetik, eta produkzioaren sektore sozialista azkartzea, bestetik. Hala, nekazaritzan, erdi mailako ekoizleek eta industrian, berriz, enpresari txikiek bultzada handia izan zuten. 1927rako produkzioa gerra aurreko mailara iritsia zen. 1919an Komintern delakoa eratu zen. v 1924tik Bigarren Mundu Gerraraino. Lenin hil zenean (1924) buruzagien arteko aurkakotasun ideologikoak eta etsaigo pertsonalak agerian geratu ziren. Stalin 1922tik alderdi komunistaren idazkari nagusia zen eta Trotskiren inguruan haren zuzendaritzaren aurkako taldea eratu zen. Eztabaidagune nagusia iraultzaren hedapena zen: batetik, mendebaleko Europara zabaldu beharra Trotskiren arabera eta Stalinek aldarrikatzen zuen “sozialismoa herrialde bakarrean” bestetik, iraultza SESBn lehenik sakondu beharra azpimarratzen zuena. Stalinen jarrera garaiturik, Kamenek, Zinoviev eta Trotski buru zuen ezkerra –Radek, Preobrazenski, Rakovski…– alderditik egotziak izan ziren (1927ko azaroa). Hala berean, Stalin aukera hartaz baliatu zen eskuineko oposizioa ere alderditik kanpo uzteko –Bukharin, Rikov, Tomski…–. Ekonomiari eta gizarteari dagokienez, 1927tik 1939rainoko aldiaren ezaugarriak planifikazioa eta nekazaritzaren kolektibizazioa dira. 1928an indarrean sartu zen lehen bost urteko plana (1928-1933). Industria ekoizpenaren hazkundea izugarria izan zen, industria astunarena gehienbat. 1930ean abiaturik, nekazaritzaren kolektibizazioak ekonomia politiko berriaren garaian aberasturiko nekazarien (kulak) erresistentzia ekarri zuen; haien ekintzei –uztak erretzea, aziendak pozoitzea, komunisten hilketa…–, errepresio izugarria eta ehunka mila kulaken deportazioa jarraitu zitzaizkien. Industriaren garapen azkarrarekin batera ikatzaren eta burdinaren produkzioa bikoiztu zen, industria kimikoa sortu zen, komunikabide berriak ireki ziren… Bigarren planak (1933-1938) industria arinaren garapena ekarri zuen, nahiz eta lehentasuna betiere industria astunari eman zitzaion. Lehen bi planen arrakastak Sobieten aginpidea eta Stalinen omena sendotu zituen sobietarren artean. 1934ko irailean sobieten herrialdea Nazioen Elkartean onartua izan zen. Espainiako Gerra Zibilean SESBk errepublikako gobernuari lagundu zion. Barne aldeko giroa itxuraz bare zela, Kirov, Leningradoko idazkariaren hilketak (1934ko abenduan) alderdiko koadroen kontzentrazio esparruetarako deportazioa ekarri zuen, baita Moskuko prozesuen ondorioz (1936-1938) Armadako eta goardia zaharreko lehen mailako buruzagien fusilatzea ere: Zinoviev, Kamenev, Piatakov, Radek, Bukharin, Rikov, Tukhatxevski… 1939ko abuztuan Alemaniak eta Sobietar Batasunak elkarri ez erasotzeko ituna sinatu zuten, beraren klausula sekretuek Poloniaren partiketa ezartzen zutela. v Bigarren Mundu Gerra. 1939ko irailaren 1ean naziak Polonian sartu ziren eta Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Irailaren 17an sobietarrak Poloniako ekialdean sartu ziren eta 1940ko uztailean Estoniaz, Letoniaz eta Lituaniaz jabetu ziren. Halaber, Finlandiari eraso zioten eta Kareliako istmoaz jabetu ziren; hori zela eta, Nazioen Elkartetik egotzi zuten. 1941eko uztailean Alemaniak SESBri eraso zion. Alemaniako gudarostea hasieran garaile agertu bazen ere (Ukraina, Leningradoko setioa), 1941-1942ko neguan Armada Gorriak kontrerasoa jo zuen, Mosku salbatu zuen eta hurrengo neguan Stalingradoko setioa desegin zuen. Handik aurrera, herrialde osoa eta ekialdeko Europa askatu zuen Berlineraino iritsiz (1945eko maiatzak 8). Ekialdean, Sakhalin uharteko hegoaldea eta Kuril uhartedia beretu zituzten. v Gerraondoa. Gerrak ondorio latzak ekarri zituen, hogei milioi sobietar hil baitziren. IV. bost urteko planarekin herrialdearen berrerarikitze lanak hasi ziren. 1948rako gerra aurreko ekonomia maila iritsia zuen eta 1950etik aurrera munduko bigarren herrialde indartsuena bilakatu zen. 1945etik 1948ra komunistek aginpidea hartu zuten ekialdeko herrialdeetan eta 1949an Txinan ere komunistak garaile irten ziren. Estatu Sozialisten barrutia hedatuz joan ahala, mendebaleko herrialde kapitalistekiko harremanek txarrera jo zuten, eta 1946an “gerra hotza” deitua abiatu zen. Garai horretakoak dira, besteak beste: Kominform erakundearen sorrera (1947), Berlingo blokeoa (1948), Comecon-en sorrera (1949), Koreako gerra (1950). Titoren Jugoslaviarekiko harremanak hautsi zituzten (1948). v Stalinen ondorengo garaia. 1953ko martxoan Stalin hil zen. Nikita Khruschov, 1953tik Alderdi Komunistako idazkari nagusia, arian-arian nagusituz joan zen Sobietar Batasunaren politikan. Haren eskutik desestalinizazio prozesua abiatu zen. Barne politikaren bide berri horren funtsezko gunea Khruschov-ek Alderdiaren XX. Kongresuaren aurrean (1956ko abendua) irakurritako txostena izan zen. Bertan aurreko gehiegikeriak salatzen zituen. Hala, aurreko aldiko zenbait buruzagik –Molotov, Malenkov, Txepilov, Kaganovitx, Zukov…–, beren karguak utzi behar izan zituzten, eta antzinako kondenatu politikoen izen ona berretsi zen. Ekonomiaren arloan nekazaritza indartzeko plan ekonomiko berezia ezarri zen (1959-1965) eta deszentralizazioaren aldeko neurri zenbait hartu ziren. Herrialde komunistekiko harremanak molde desberdinekoak izan ziren: Jugoslaviarekin harremanak normaldu baziren ere (1955), Armada Gorria Hungarian sartu zen bertako askatasuna lortzeko ahalegina zapalduz (1956ko urria-azaroa). 1961ean Txinarekin eta Albaniarekin harremanak eten zituzten, haiek desestalinizazioan urrunegi joan izana salatzen baitzuten. Mendebalarekiko tentsioa areagotu egin zuten gertakari jakin batzuek: Kongoko gerra zibilak (1960), Berlingo harresia eraikitzeak (1961) eta, batez ere, Kubako misilen krisiak (1962). Oro har, ekialdeko herri demokraziekiko loturak indartu ziren: mendebalak NATO sortu izanari Varsoviako Itunaz erantzun zioten (1955eko maiatza). Hala eta guztiz ere, orduko mendebalarekiko politika “bakezko elkarbizitza” deitua izan zen. 1960 inguruan SESBren egoera ekonomikoa larritu egin zen, bereziki nekazaritzaren alorrean. Horren ondorioz, Krhustxov aginpidetik alboratua izan zen eta herrialdearen gidaritza hiruko baten esku geratu zen: Kosigin, Breznev, Podgorny. Laster Breznev nagusitu zen. Lehengo orientabideak erabat aldatu ez baziren ere, bost urteko plan berri bat ezarri zen (1965-1970). Ideologiari dagokionez, liberalizazio prozesua moztu zen. Bestalde, barneko nazioen abertzaletasuna berpizten hasi zen (Ukrainan eta Lituanian bereziki). Kanpora begira, mendebaleko herrialdeekiko politika eta merkataritza harremanak garatu ziren. 1972ko maiatzean Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak armamentu estrategikoa murrizteko itun partzial bat sinatu zuten. Aldi berean, Hirugarren Munduko zenbait gatazka gunetan (Vietnam, Angola, Etiopia…) zeharka eskuhartu zuen. Txinarekiko harremanak txartuz joan ziren eta gudu gogorrak lehertu ziren bien arteko mugan (Amur ibai aldean). Halaber, Armada Gorria 1968ko abuztuan Txekoslovakian sartu zen bertako liberalizazioa moztearren. Barneko disidenteen aurkako neurriek (deportazioa, psikiatrikoan sartzea) oihartzun handia zuten mendebalean. v SESBren deuseztapena. Breznev-en ondorengo buruzagiek –I. Andropov (1982-1984), C. Txernenko eta, batez ere, Gorbatxov– aginpidea beretu bezain laster ekonomia erreformatzeko eta burokraziaren gaitasun eza eta ustelkeria ezabatzeko asmoak agertu zituzten. 1979an Armada Gorriak Afganistano gerran eskuhartu zuen, arabiar herrien erreakzio biziak sortuz. 1985ean, M. Gorbatxov zuzendaritzarako –Alderdi Komunistako idazkari nagusi eta estatu buruzagi goren– izendaturik, herrialdearen bilakabidea errotik aldatu zen. Gorbatxovek berregituratze (perestroika) eta gardentasun (glasnost) politikari ekin zion. Desestalinizazioa sakondu zuen, berriz eman zien hiritartasuna 1966-1988 aldian estatuak horretaz gabetutako hiritar guztiei, eta hainbat erreforma egin zizkion konstituzioari (erregimen presidentziala ezarri, alderdien aniztasuna eta alderdi komunistaren nagusitasuna ezabatu, jabetza pribatua). Neurri horien guztien ondorioz, 1989ko martxoan legebiltzarrerako hauteskunde irekiak egin ziren, eta erreformatzaileak eta nazionalistak atera ziren garaile. 1987an desarme nuklearrerako lehen ituna sinatu zuten Estatu Batuekin. 1988an Afganistandik atera ziren, Txinarekiko hurbilketa jarraitzen zen bitartean. Barnean, antolamendu ekonomikorik ezak merkatu ekonomia ezartzea helburu zuten erreformak trabatzen zituen. 1991ko martxoaren 15ean alderdiko zenbait kidek antolaturiko estatu kolpea ez zen garaile irten, batez ere B. Ieltsin-ek zuzenduriko erresistentziagatik. Abuztuan bertan Alderdi Komunista desegin zuten. Abenduan SESB desegin zen, Estatu Independenteen Elkartea sortu zen eta Gorbatxov-ek dimititu zuen. Bitartean, SESB osatzen zuten hainbat herrialdek beren burujabetasuna edota independentzia aldarrikatu zuten. ■ Istripu nuklearrak Sobietar Batasunean. Txernobileko istripuaren ondoren, batez ere komunikabideetan izan zuen hedaduragatik, kezka handia sortu zen mundu osoan Sobietar Batasunean, segurtasun nuklearraren alorrean, sortzen ari ziren arazoei buruz. Hala ere, hura ez zen herrialde hartan gertatzen zen lehenengo istripu edo arazo nuklearra. Istripu horien ondorioak, gainera, ez ziren eta ez dira soilik inguru horretan antzeman; ozeanoetako uretan eta espazioan ere ondorio larriak izan ditu. Kyshtym-eko istripu nuklearra Sobietar Batasun ohian izan den larrienetako bat izan zen; istripu haren ondorioak historiako larrienetakoak izan dira. Mayak industria gunean hainbat eta hainbat istripu eta erradioaktibitate barreiatze gertatu dira, eta Kyshtym-ekoa beste bat besterik ez da izan. Hala ere, 1957an Kyshtym-etik hurbil gertatu zen hura izan zen guztietan latzena. Inguru horretan, urteetan sortutako hondakinak Tetcha ibaira isuri ziren zuzenean, ingurumenari egiten zitzaion kaltea kontuan hartu gabe. 1952. urtetik aurrera, inguru horretako hainbat aintziratan sendimentazio arroak prestatu ziren hondakin aktiboenak bertan pilatzeko eta biltegiak antolatu ziren altzairuzko ontziak gordetzeko; ontzi horiek 2,5 m-ko hormigoizko egiturek estaltzen zituzten. Bestalde, hozteko sistema zuten, ezinbestekoa hondakin erradioaktiboek ematen duten beroa bideratzeko. Baina ontzi horien hozteko sistemetan akatsak sortu ziren 1956. urtetik aurrera, eta handik urtebetera eztanda bat izan zen (eztanda aurretik tenperatura 350 şC-koa zen). Eztanda haren ondoren hedatu zen erradioaktibitatea 5 milioi curiekoa izan zen. Istripu hura isilpean gorde zen hogeita hamar urtez baino gehiagoz. 1.000 kilometro koadroko lur eremua hustu behar izan zen. Berrehun eta berrogeita hamar mila lagun inguruk erradioaktibitate dosi oso handiak jasan zituen, baina ez bakarrik 1957ko istripuaren ondorioz, baita Mayak gunearen beraren funtzionamenduagatik ere. Lantegi horietako langileen % 85ek osasun arazoak izan ditu. Ikerlarien azterketen arabera, inguru horretako arriskua Txernobilekoa baino hamar aldiz handiagoa da, eta arrisku horrek luzaroan iraungo du, izan ere, bertako instalazioen egoerak txarrera egingo duten arriskua baitago. Lurburuko eskualde guztiak arriskuan daude, Tetcha ibaiak Karako itsasora isurtzen baitu ura. Itsaso horren oreka ekologikoa, hala ere, dagoeneko arriskuan dago beste hondakin batzuen ondorioz, bai Siberian egindako eztanda nuklearren ondorioz, bai Zeelanda Berrian egindako arma saioen ondorioz. ■ Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Siberiako iparraldea indartzea izan zen Sobietar Batasunaren helburu nagusietako bat. Helburu horri asko lagundu zion Artikoko ontzidiak izotza hausteko ontzi izugarriekin. Asmo itxuraz baketsu horien atzean, Estatu Batuekiko segurtasun estrategia zegoen ezkutaturik. Baina Kolako penintsula eta Alaska artean dauden 2.700 miliak zeharkatzeko urpekari nuklearrak behar ziren, Iparburuko izotz geruzaren azpitik igaro ahal izateko. Behar hori gainditzea lehentasuna izan zen Sobietar Batasunarentzat, eta 1954an lehen urpekari nuklearra eraikitzeko erabakia hartu zen. Lehenengo urpekaria (K3) 1957an jaurti zen, eta 1958an hasi zituen bere saioak itsasoan. Saio haietan hainbat matxura izan ziren erreaktoreen zirkuituetan; kontuan hartu behar da erreaktore haien oinarri fisikoa Txernobileko erreaktoreen antzekoa zela. Hainbat arazoren ondoren, 1967an, K3-an (Leninski-Komsomol izena eman zioten) izugarrizko istripua izan zen: irakiten zegoen olioa isuri zen urpekariko zulo batetik. Hogeita hemeretzi lagun hil ziren. Inguru horretako urpekarietan egin diren saioen ondorioz, istripu ugari izan dira urteetan; aipagarrienetako bat Norvegiako itsasoan gertatu zen 1989an. Hainbat marinelek salbatzea lortu zuten, baina berrogeita bi lagun hil ziren. Dena dela, norvegiarren laguntza onartu izan balute hildako gutxiago izango ziren. Sobietar Batasunak eraiki dituen berrehun urpekari nuklearretan izan diren istripuetatik, hogeitik gora larriak izan dira. Eta horiez gainera, izotza hausteko ontzien istripuak hartu behar dira kontuan. Bestalde, ezin ahantz dateizke urpekarietako misilak jaurtitzeko zeregina duten misilen biltegietan izan diren istripu larriak. Jaurtigailu horiek misilen buruetatik bereiztuta badaude ere, biltegi horietako eztandak garrantzi handikoak izan dira. Horien artean aipatzekoa da 1984. urtean izan zena, Mourmansk-etik 16 kilometrora. Istripu haren ondorioz, hainbat eraikuntza desegin ziren, berrehun lagun inguru hil ziren eta beste horrenbeste zaurituta geratu. 1983. urteaz geroztik beste sei eztanda izan dira. Azkena 2000. urtearen abuztuaren 20an Barents-eko Itsasoan hondoratu zen Kursk urpekariak izan zuen. Ontzi horrek 24 misil garraiatzeko ahalmena zuen, eta 130 lagunentzako lekua; istripuan 118 pertsona hil ziren.
- soberatu, sobera(tu), soberatzen
- soberaxe
- soberaxko
- soberna
- sobiet
- Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB)
- sobietar
- sobietar
- sobra
- Sobrarbe
- sobratu, sobra(tu), sobratzen