Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sinbolismo

iz. Sinboloak erabiltzea; sinboloen bidezko irudikatzea edo adierazpena; sinbolo sistema. Erlijiozko sinbolismoa. v  Lit. Frantzian XIX. mendearen amaieran sortu zen literatura joera. v Funtsean naturalismoaren eta parnasianismoaren aurkako erreakzioa izan zen eta inoiz ez zen dotrina baten inguruan eskola gisa egituratu. Izan ere, sinbolismoaren iturburua eta bilakabidea markatu zituzten lau berritzaileen –Baudelaire, Rimbaud, Mallarmé, Verlaine– arteko desberdintasunak nebarmenak badira ere, lauontzat poesia errealitatetik harat iragatzeko bidea zen, hitzak poetak hautaturiko sinbolo subjetiboaren euskarri direlarik. Hartara, deskripzio objektiborik edo naturalistarik gabe, hitzek sentipenak eta ideiak idarokitzen dituzte baina sortzailearen subjetibismoa dela eta, zenbaitetan ilun gertatzen dira irakurlearentzat. Verlaine-k dioenez pinturatik edo eskulturatik baino musikatik hurbilago behar du izan poesiak. Erritmo eta neurri berrien sorrera (prosazko poema barne) sinbolisten ezaugarria da. 1880ko hamarkadan sinbolismo frantsesa zabaldu egin zen; garai hartako autore nabarmenak J. Laforgue, G. Khan, R. Ghil, E. Verhaeren, M. Maeterlinck, F. Jammes izan ziren. Orobat eragin garbia izan zuen geroko idazleengan (P. Claudel, P. Valéry, G. Apollinaire). 1890 ondorengo urteetan sinbolismoa Europako literaturetara zabaldu zen: O. Wilde, W. B. Yeats (Britainia Handia); S. George, R. M. Rilke, H. von Hofmannsthal (Alemania); G. d’Annunzio (Italia); A. Machado, J. R. Jiménez (Espainia), etab. Europatik kanpo, R. Darío-ren obra bereziki aipatzekoa da.