sinbiosi
iz. Biol. Organismo batzuen bizitza mota, mota desberdineko bi organismoren artekoa bereziki, bien arteko harremana orekatua izatea eta bizitza mota hori bientzat egokia izatea edo batek besteari kalterik ez egitea ezaugarri dituena. Zentzu mugatuan bi mota desberdineko organismok elkarrengandik etekinik ateratzen duten bizitza edo harreman motari dagokio sinbiosi kontzeptua, baina harreman mota batzuetan organismo batek bestetik ateratzen duen etekina eta batek besteari egiten dion kaltea oso argi ez dagoenez, oro har beste hiru harreman mota ere sinbiositzat hartuak dira: organismo batek bestetik etekina ateratzen duena (elikagaiak batez ere) baina kalterik egiten ez diona; organismo bat bestearen gorputzean bizi dena edo arrautzak han jartzen dituena eta parasitismoa, organismo bat bestearen bizkarroi bizi dena.