Sillitoe, Alan
Britainiar olerkari eta eleberrigilea (Nottingham, 1928). Jatorri apaleko familia batean sortu zen eta hamalau urterekin bizikleta lantegi batean hasi zen lanean. 1946-1949 bitartean irrati telegrafista gisa lan egin zuen Erregeren Aire Gudarostean, eta ondoren Malaysian, Frantzian eta Espainian bizi izan zen. Garai hartan idatzitako Arratoiak eta beste eleberri batzuk (1960) liburuan bildu zituen bere olerki gehienak; obra horretan, eta bere lehen eleberri ospetsua izan zen Saturday Night and Sunday Morning (1958, Larunbat gaua eta igande goiza) lanean, "gazte haserreen" izpiritua islatu zuen. Eleberrian bere bizitza lazgarrian edana eta sexua adiskide bakar dituen langile gazte baten bizitza hartu zuen kontagai, eta aurrerantzean idatzitako lanetan ere helburu nagusi bat erakutsi du, mundu kapitalistan langile klaseak jasaten duen zapalkuntza ekonomikoa eta bazterketa salatzea hain zuzen ere. Eleberri aipagarriak ditu The general (1960, Jenerala), The death of William Posters (1965, William Postersen heriotza), Travels to Nihilon (1971, Nihilonerako bidaiak), Flame of life (1974, Bizitzaren sugarra), The widower´s son (1976, Alargunaren semea)… Bestalde, aipagarria da kontakizun laburrak idazteko erakutsi duen trebetasuna, besteak beste, The loneliness of the long distance runner (1959, Ibilbide luzeko lasterkariaren bakardadea) eta The second chance (1981, Bigarren aukera) ipuin liburuek erakusten dutenez. Olerkigintzari dagokionez, hasieran aipatutako liburuaz gainera, azpimarratzekoak ditu Storm: new poems (1974, Ekaitza: olerki berriak), eta Abiadura (1984).