Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Silvestre

Hiru Aita Santu eta antipapa baten izena. v Silvestre I.a, santua. 33. Aita Santua, 314-353 artean (Erroma, ? - Erroma, 335). Elezaharraren arabera Konstantino, kristau egin zen Erromako lehen enperadorea, bataiatu zuen, eta mirari batez legena sendatu zion. Silvestreren agintaldian Konstantino enperadoreak hark baino eskumen handiagoa izan zuen; enperadoreak berak deitu zituen Arles-eko sinodoa eta Nizeako kontzilioa, Arrioren heresia gaitzetsi zuena. Silvestre I.a Aita Santu zen garaian sortu zen Erromako Inperio Kristaua. v Silvestre II.a. (Gerberto Aurillac-ekoa jaiotza izenaz). Aita Santua 999tik 1003ra (Auvergne, 940 - Erroma, 1003). Aurillac-eko beneditarren monasterioan hazi zen eta Clunyko fraidea izan zen. Reims-en dialektika eta logika irakasle izan zen, eta musika eta zientzia ere landu zituen. Saxoniako Oton III.aren kontseilari izan zen eta hari esker izendatu zuten Aita Santu. Aita Santuaren aginpidea enperadorearen gainetik jarri nahi izan zuen eta Konstantinoren inperioan erlijio eta politika berrikuntzak egin nahi izan zituen Oton III.arekin, baina matxinada ugari izan ziren eta bere asmoak ezin izan zituen aurrera eraman.  v  Silvestre III.a. (Joan Sabinakoa jaiotza izenaz). 145. Aita Santua 1045 urtarrila eta apirila bitartean (Erroma, 1000 inguruan - Sabina, 1046). Benedikto IX.a Aita Santua, bere bizimodu lizunagatik, ihes egitera behartu zutenean hartu zuen aita santutza. Baina 1045eko apirilean, Benedikto itzuli eta Silvestrek ihes egin behar izan zuen. 1046an, Sutriko kontzilioak kargutik kendu zituen Silvestre eta Benedikto.  v  Silvestre IV.a. (Maginulfo jaiotza izenaz). Antipapa 1105-1111 urteetan (Erroma, 1050 inguruan - Erroma, 1111). Erromako herriak Aita Santu hautatu zuen 1105eko azaroan, Paskual II.a Aita Santu zela. Handik gutxira, ihes egin behar izan zuen. 1111n Paskual II.aren aita santutza onartu zuen.