Sierra Madre
Mexikoko mendi sistema nagusia, Mexikoko goi-ordoki zabalarekin muga egiten duten mendebaleko Sierra Madre Occidental eta ekialdeko Sierra Madre Oriental mendikateek eta Mexikoko hegoaldeko kostaldeko Sierra Madre del Sur mendikateak osatua. v Sierra Madre Occidental. Mendebaleko kostaldea eta Mexikoko erdialdeko goi-ordoki zabala bereizten ditu. 1.100 km inguru ditu ipar-mendebaletik hego-ekialdera, eta 160-480 km bitarteko zabalera. 1.150 m inguruko mendiak ditu iparraldean eta 3.000 m ingurukoak hegoaldean. Mendien ekialdeko mazela leuna da; mendebalekoa, berriz, oso malkartsua, ibar estu sakonek hautsia tarteka. Lurralde lehor samarra da, belarrez eta zuhaiskez estalia, baina leku garai hezeagoetan, pinu, zedro eta haritz zuhaiztiak ditu. Iparraldean indiar talde batzuk bizi dira. Goi-ordokia eta Sinaloako eta Sonorako zabaldiak lotzen dituzten bi errepidek zeharkatzen dute mendikatea. v Sierra Madre Oriental. Mexikoko goi-ordoki zabalaren ekialdeko ertz hautsia da. 1.100 km inguru ditu iparraldeko Rio Grandeko muino elkorren eta hegoaldeko sumendi garaien artean. Batez besteko garaiera 2.200 m-koa du, eta batez besteko zabalera 150 km ingurukoa. Mendi garaiena Ciudad Victoria-ren mendebaleko Peña Nevada da, 3.664 m. Iparraldetik hegoaldera doazen ibar estuak ditu, baina hegoaldean, mendi-zintzur sakonek itsasorako bidea irekitzen dute. Monterrey eta Orizaba inguruetan artoa, garia eta azukre kanabera lantzen dira. Meak era baditu: kobrea, beruna eta zinka. Burdinbideek eta errepideek zeharkatzen dute. v Sierra Madre del Sur. 1.200 km inguru ditu Balsas ibaiaren ibarra eta Tehuantepec-eko istmoa bitartean. Batez beste 100 km zabal da. Mendi garaienak 3.800 m ingurukoak ditu. Malkarra da bi isuraldeetan. Klima tropikala du, eta, besteak beste, kafea, arroza eta pinaburuak landatzen dira. Mea baliabide nagusiak burdina, beruna, zilarra eta urrea dira. Oaxaca inguruan antzinateko aztarnategiak daude. Mexiko Hiria Acapulcorekin eta Guatemalarekin lotzen dituzten errepideak igarotzen dira mendietan zehar.