Sherman, George
Estatubatuar zinema zuzendaria (New York, 1908 – Los Angeles, 1991). David Howard zuzendariaren laguntzaile lanak eginez ikasi zuen lanbidea 1935 eta 1937 bitartean, eta bere lehen filma, Wild Horse Rodeo, 1937an bertan zuzendu zuen. Guztira, 175 film zuzendu zituen. Hasieran, 1940ko hamarraldiaren erdia arte, westernak egin zituen batez ere, baina, ondoren, genero gehiago ere zuzendu zuen, The Lady and the Monster (1944) thrillera, eta The Bandit of Sherwood Forest (1946), esaterako. 1950eko hamarraldian, Universal etxeak kontrataturik, ospe handia izan zuen B saileko filmen zuzendari bikaina zelako. Hala ere, ez zion inoiz westernak zuzentzeari utzi, arrazismoaren aurkako zertzeladak erantsiz aldi berri honetan. Horren adibide dira War Arrow (1953), Comanche (1956) eta Reprisal (1956). 1964an, bi film zuzendu zituen Espainian: La nueva Cenicienta, Marisol antzezlea protagonista duena, eta Joaquín Murrieta superprodukzio epikoa. Ondoren, 1971n, John Wayne aktorea zuzendu zuen berriro Big Jake filmean. Bere azken lanak, berriz, telebistarako ekoizpen eta zuzendari lanak izan ziren.