Sennett, Mack
Estatu Batuetako zinemagilea (Richmond, Kanada, 1880 - Hollywood, 1960). Antzezlea, zuzendaria eta produktorea izan zen. Music-hallean lan egin zuen zineman hasi aurretik. 1909an eta 1910ean Griffith-en film barregarrietan lan egin zuen antzezle gisa. 1912an Keystone Comedies Corp. produkzio-etxea sortu zuen, Estatu Batuetako zinema mutu barregarriaren eskolan garrantzi handia izan zuena. 1915ean Triangle-Keystone enpresa sortu zuen Griffith-ekin eta Ince-rekin batera. Antolatzaile bikaina izan zen, talentu handiko antzezle berriak ezagutarazi zituen eta umore estilo berezi bat sortu zuen, basatia eta absurdua, egunerokotasunari atxikia, harrapaketan eta ihesean, bata besteari lotutako gag-etan eta etengabeko txikizioan oinarritua. Ospe handia izan zuten antzezleak kontratatu eta ezagutarazi zituen: Charles Chaplin, Roscoe Arbuckle (Fatty), Ben Turpin, Harry Langdon, Wallace Beery… Polizia talde bat (Keystone Cops) eta suhiltzaile talde bat sortu zituen, benetako gertakizunetara bidali ondoren bere film barregarrietan agertzen zirenak. Berak sortutako Bathing Beauties emakume taldeak, Gloria Swanson, besteak beste, erotismo kutsua eman zien bere film askori, arrakasta handia izan zuen eta eskandalua ere sortu zuen. 1914tik aurrera zuzendaritza utzi eta filmak gainbegiratzeari ekin zion. Zinema soinuduna hasi zenean haren zinemagintza gainbeheran zegoen eta 1935ean zinema utzi zuen. 1100 bat film egin zituen.