Senn, Martha
Kolonbiar mezzosopranoa. Piano, harmonia, solfeo eta musikaren historiako ikasketak egin zituen Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko Kontserbatorioan, eta zuzenbidea ikasi zuen Universidad del Rosarion. Debut profesionala Bogotan egin zuen, Colón antzokian; emanaldi berezia izan zen, aurretik entsaiatu gabe abestu baituen Bizeten Carmen. Nazioarteko ospea 1982an lortu zuen, Baltimoreko saria, New Yorkeko Nazioarteko Kantu Lehiaketa eta Parisko Nazioarteko Kantu Lehiaketa irabazi zituelarik. Garaipen haien ondoren munduko areto eta jaialdi nagusietan abestu du: Salzburgon, Pariseko La Bastillan eta Veneziako La Fenicen, besteak beste. 1984. urtean lehen aldiz abestu zuen Milango Scalan, Rossiniren Orfeo lana interpretatuz, eta izugarrizko arrakasta lortu zuen. Aipagarriak dira, orobat, Veronako emanaldiak, eta Parisko La Bastilla operan eskainitakoak (adibidez 1994ko Bizeten Carmenen interpretazioa). Bestalde, 1987. urtea arte Nazio Batuetan lan egin zuen, Kolonbiaren Kultura Ordezkari gisa, Belisario Betancurren agintaldian.