Sendak, Maurice
Estatubatuar idazle eta marrazkilaria (Brooklyn, New York, 1928). Haur liburuetarako egindako marrazkiengatik da batez ere ezaguna, bera baita, ez alferrik, munduko haur liburuen ilustratzailerik onenetakoa. 1951n Marcel Ayméren Etxalde miragarria libururako marrazkiak egin zituen, eta hurrengo urtean Ruth Kraussen Zulo bat egitea ilustratu zuen; lan horrekin lortu zuen ospea. 1956an Kennyren leihoa idatzi eta ilustratu zuen, eta haren ondoren trilogia bat argitaratu zuen, Munstroak bizi diren lekua (1963), Gaueko sukaldea (1970) eta Handik kanpo (1981) liburuez osatua. Trilogia horretan haurren mundu fantastikoa eta erreala, biak, hartu zituen kontuan Sendakek, eta arrakasta handia izan zuten; ipuin juduetan eta egileak bizi izandako esperientzietan oinarrituriko kontakizunak agertzen dira bertan. Bestalde, Mozarten Txirula miragarria obrarako dekoratuak eta jantziak diseinatu zituen, eta orobat Hoffmannen Intxaur kraskailua eta Arratoi erregea lanetarakoak eta Prokofieven Hiru laranjen maitasuna lanerakoak. 1970ean nazioarteko ilustratzaile onenen Hans Christian Andersen domina eman zioten.
- sendagarri
- sendagile
- sendagin
- sendagintza
- Sendai
- Sendak, Maurice
- sendakai
- sendaketa
- sendakintza
- sendakuntza
- sendalari