Semprún, Jorge
Espainiar idazlea eta zinema zuzendaria (Madril, 1923). Frantziara erbesteratu zen Gerra Zibila amaitu zenean eta Erresistentzian borrokatu zen nazismoaren aurka. Buchenwald-eko kontzentrazio esparrutik aske geratu zenean alderdi komunistako kide egin zen, baina 1964. urtean alderditik bota zuten. Espainiako historiari buruzko kontakizun liburuak idatzi ditu, gazteleraz eta frantsesez: Le grand voyage (1963, Bidaia handia), La deuxième mort de Ramón Mercader (1969, Ramón Mercaderen bigarren heriotza), Autobiografía de Federico Sánchez (1977, Federico Sánchez-en autobiografia), L’algarabie (1981, Zarata), La montaña blanca (1986, Mendi zuria) eta Netchaiev ha vuelto (1987, Itzuli da Netchaiev). Resnais, Costa-Gravas, Losey eta beste zinema zuzendarientzako gidoiak idatzi zituen: Stavisky (1974), Z (1968) eta Les routes du sud (1978, Hegoaldeko bideak). 1973. urtean, bestalde, Les deux mémoires (Bi gogoak) filma zuzendu zuen, gidoia ere berak idatzi zuela. 1988-1991 urteetan Espainiako Kultura ministro izan zen. inisterioa utzita, 1991n Federico Sánchezek agur esaten dizue argitaratu zuen, frantsesez, besteak beste, europar ezkerraren arazoen gaineko hausnarketa. 1994. urtean L´ecriture ou la vie kaleratu zuen, Frantzian arrakasta handia izan zuena. 1995ean bere lehen antzezlana estreinatu zuen, Alemanian, Ama zurbila, ahizpa samurra, nazismoaren eta komunismoaren kritika. AICFren (gosearen kontrako gobernuz kanpoko erakundea) espainiar sailaren lehendakaria izan da, eta literaturako eskolak eman ditu Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Sari asko jaso ditu, Espainian eta Frantzian gehienbat. 1994an alemaniar liburugileen Bakearen saria eskuratu zuen, Alemaniako garrantzitsueneko bat.