Semenova, Uliana
Sobietar saskibaloi jokalaria, jatorriz letoniarra (1952). Bere altuerari esker (2,11 metro) emakumezkoen saskibaloiko izar nagusia izan zen hogei urte baino gehiagoz. Semenovak Sobietar Batasuneko selekzioarekin jokatu zuen 1968-1986 bitarteko urteetan, eta tarte horretan urrezko dominak irabazi zituen selekzioarekin Montréalgo (1976) eta Moskuko (1980) Olinpiar Jokoetan, Europako hamar txapelketetan eta munduko lautan. Sobietar taldeen arteko lehiaketei dagokienez, bestalde, hemeretzi denboraldiz izan zen TTT Riga taldeko jokalaria, hamazazpi aldiz irabazi zuten Liga txapelketa eta beste hamalau aldiz Europako Kopa. 1986. urtean utzi zion nazioarteko lehiaketetan parte hartzeari, Estatu Batuen kontrako partida bat galdu ondoren, eta handik bi urtera erretiratu zen saskibaloi profesionaletik.