Seifert, Jaroslav
Txekiar poeta eta kazetaria (Praga, 1901 - Praga, 1986). Literaturako Nobel Saria irabazi zuen lehen txekiarra izan zen (1984). 1920. urtean aurkeztu zuen lehen poema bilduma, Mesto v slzách (Hiria negarrez), eta komunismoaren aldeko lanak idatzi zituen ondorengo urteetan. Eskema haietatik urrundu zen geroago eta poesia hutsaren aldera jo zuen hurrengo lanetan: Na vlnách T.S.F. (1925, Haririk Gabeko Telegrafoaren uhinen gainetik), Slavík zpivá spatne (1926, Urrentxindorrak gaizki kantatzen du). 1929an alderdi komunista utzi zuen. 1938tik aurrera Txekoslovakiako gertakizunak izan zituen langai. Germaniarren okupazioaz idatzi zuen Zhasnete svetla obran (1938, Argiak itzali) eta Pragako egoeraz idatzi zuen Svetlena odena (1940, Argiz jantzia) poema bilduman. 1945ean Prilba hliny (Buztinazko kaskoa), nazien mendeko Praga deskribatzen duen obra, aurkeztu zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren kazetaritza lanean jarraitu zuen eta poema liburu ugari eta haurrentzako liburuak idatzi zituen. 1966an Nazioko Poeta izendatu zuten eta 1968an sobietarren inbasioa salatu zuen. 1981. urtean oroitzapen liburu bat argitaratu zuen. 1984an eman zioten Literaturako Nobel Saria.
- sei
- sei
- seiehun
- seiehungarren
- Seien taldea
- Seifert, Jaroslav
- seigarren
- seihets
- Seikan tunela
- seiko
- seikote