Sigismundo Luxenburgokoa
Germaniako enperadorea 1411-1437 urteetan (Nurenberg, 1368 - Znojmo, Bohemia, 1437). Karlos VI.a enperadorearen seme gazteena eta Luxenburgoko etxeko azken germaniar enperadorea izan zen. Hungariako erregekide bihurtu zen 1387an, Maria Hungariakoarekin ezkondu ondoren. Turkiarren aurka borrokatu zen baina Nikopolis-ko gudua galdu zuen 1396an. Joan XXIII.a antipapa babestu zuen eta Konstantza-ko kontzilioa (1414-1418) antolarazi zion hari, elizako mendebaleko zatiketa gainditzearren. Babes guztia eman zion Jan Hus erreformazaleari Kontziliora ager zedin, baina elizako hierarkiak kondenatu eta berehala errearazi zuen. Bohemiako husita edo Hus-zaleak matxinatu ziren eta iraultza giroan ezarri zuten herria 1419an, anaia Wenceslas hil ondoren hango erregea koroatu nahi izan zuenean. Ez zuen horrelakorik lortu eta husiten aurkako gurutzada gidatu zuen ondorengo urteetan, 1436an, Basileako hitzarmenaren ondoren, Pragan errege egin zuten arte. Habsburgotarren esku geratu ziren haren ondasun eta titulu guztiak, Elisabet alaba Alberto II.a Habsburgokoarekin ezkondu ondoren.