Sastre, Alfonso
Euskal Herrian errotutako espainiar idazlea (Madril, 1926). Bai kritika bidez, nola antzerkigile gisa, espainiar antzerkigintzaren eraberritzaile handienetako bat da. 1950ean, Manifiesto por un teatro de agitación social idatzi zuen: antzerki komertzialaren kontra eta gaia gizarte arazoetatik hartzearen alde egiten du bertan; eta bere obra guztia, funtsean, leial izan zaio adierazpen horri. 1949an, Cargamento de sueños idatzi zuen, antzerki inpresionista egiteko saio bat. Antzerki lan ezagunena handik lau urtera argitaratu zuen: Escuadra hacia la muerte (Eskuadra bat heriotza bidean), frankismoaren kultura ofizialarekin erabat hausten duen obra. Han daude handik aurrera Sastrek erabili dituen gaiak: askatasuna, zapalketa, politika aginpidea, iraultza, bortxa eta errua. Sastrerenak dira, besteak beste: El pan de todos (1953, Guztion ogia), Tierra roja (1954, Lur gorria), Muerte en el barrio (1955, Auzoko hilketa, Josu Zabaletak euskarara itzulia), Guillermo Tell tiene los ojos tristes (1955, Gillen Tell-ek begiak triste, Josu Zabaletak euskarara itzulia), En la red (1959, Sarean), La sangre de Dios (1955, Jainkoaren odola), Ana Kleiber (1956), La sangre y la ceniza (1965, Odola eta errautsa), Ejercicios de terror (1970, Izu ariketak), Ahola no es de leil (1980, Ez da bale egiteko oldua, Goaz Taldeak euskaratua), Bazterrean utzitako panpinaren ixtorioa (1984, Mikel Lasak euskaratua), La taberna fantástica (1985, Ostatu miragarria). Hirurogei bat antzezlan idatzi ondoren –gehienak, gainera, taularatuak– azken urteotan antzerkigintzatik zertxobait apartatuta dago, nahiz eta obra berriren bat aurkeztu, besteak beste, 1999an estreinatu zen Lluvia de ángeles sobre Paris. Omenaldi berezia jaso zuen 2000. urteko Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan, omenaldi horretara EHU, SGAE, Eszena Zuzendarien Elkartea, Antzerki Ekoizleen Elkartea eta Antzerki Autoreen Elkartea bildu baitziren. Urte berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi zuten berak eta Eva Forest bere emazteak euren liburutegia, 20.000 liburu, dokumentu ugari eta antzerkigilearen azken hamarkadetako lanen eskuizkribuak biltzen dituena. 2001. urtean, berriz, bi aletan bildutako zazpi liburukiz osatutako lan mardula eman zuen argitara Alfonso Sastrek, El drama y los lenguajes izenburupean, antzerkiaren eta ahozko, idatzizko zein literaturazko hizkuntzaren arteko harremanak aztertzen dituena, antzerkiaren inguruko hausnarketa intelektualari ekarpen garrantzitsua eginez.
- sastatze
- saste
- sastegi
- sastraka
- Sastre Forest, Pablo
- Sastre, Alfonso
- sastre
- sastu, sats, sasten
- Sastuia
- sasu
- satagin