Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saskatchewan

Kanadako mendebaleko probintzia. Mugak: iparraldean, Iparraldeko Lurraldeak; ekialdean, Manitoba; mendebalean, Alberta; hegoaldean, Montana eta Ipar Dakota (Estatu Batuak). 652.330 km2 eta 1.010.198 biztanle. Hiriburua, Regina. Hiri nagusiak: Saskatoon, Moose Jaw eta Prince Albert. Kanadako ordokia hartzen duten hiru probintzietako bat da eta ia oso-osorik hartzen du Erdialdeko Ordokia. Baso trinkoek inguratzen dute Saskatchewango ordoki zabala eta aintzira ugari dago, iparraldean, batez ere. Saskatchewan ibaiek ureztatzen dute izen bereko probintzia eta ordoki zabala. Klima kontinentala da erabat eta alde handiak dira negu eta uda artean. Lur emankorreko lurraldea da eta Kanadako nekazaritza eremu oparoenetakoa (garia, garia, garagarra, artoa, lihoa, bazkarako landareak, barazkiak). Garrantzitsua da, halaber, abere hazkuntza (behi azienda). Basogintzak eta lurpeko aberastasunen ustiapenak (petrolio, kobre, ure, zilar, zink, ikatz eta uranio hobiak) ere eragin handia du probintziako ekonomian; industria hiri nagusietan dago (janari industria, zurgintza, metalurgia). Arrantzak, ehizak eta turismoak osatzen dituzte ekonomia baliabideak (Prince Albert-eko parke nazionala). Burdinbide eta errepide sare zabala da lurraldearen hegoaldean eta aireportu garrantzitsuak daude Regina eta Saskatoon-go hirietan.