Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sarkofago

iz. Harrizko hilkutxa.  v  Historia. Egiptoarrek 3. dinastian (K.a. 2650-2575) erabili zituzten lehenak jauregiak itxuratzen zituzten. 11. dinastiaren hasieran (K.a. 2081), zurezko edo kare-harrizko kutxa antzekoak erabili zituzten Egipton eta Libanoko kostaldeko Biblos-en. 17. dinastian (K.a 1630-1540), giza irudizko sarkofagoak egin ziren, papiro orri, zur, zeramika edo harrizkoak. 18-20. dinastietan (K.a. 1539-1075) berriz, aberatsek zurezko edo metalezko hilkutxak sartzen zituzten sarkofagoen barruan; ohitura horrek Ptolomeoren aldia arte iraun zuen. K.a. 2000-1570 inguruan, terrakotazko hilkutxak erabili ziren margotutako apaindurekin Egeo aldean. Feniziarrek, bestalde, K.a. V. mendeko egiptoarren giza itxurako marmol zurizko hilkutxak egin ohi zituzten, eta helenismoaren garaian berunezko eta marmol landuko sarkofagoak eraiki ziren. Italian, K.a. 600. urtetik aurrera, etruskoek harrizko nahiz terrakotazko sarkofagoak egiten hasi ziren, eta K.a. 300. urtetik aurrera, eskultura moduko sarkofagoak egiten zituzten erromatarrek, hildakoaren irudi landuak, ohe antzekoetan etzanak, izaten zituztenak.