Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sarajevo

Bosniako hego-ekialdeko hiria, Bosniako eta Bosnia-Herzegovinako hiriburua, Miljacka ibaiaren haranean eta Trebevic mendien ondoan. 319.107 biztanle (1981). Biztanleriaren erdia musulmana da, eta kristau (ortodoxoak eta katolikoak) eta judu talde garrantzitsuak bizi dira hirian. Mezkitak (Begova Dzamija, 1530; Ali Pasha-ren Mezkita, 1560-1561), musulman eraikinak eta turkiar kutsuko monumentuak eta aldeak gorde ditu hiriak. 1992ko gerra hasi zenetik setiatu eta etengabe bonbardatu dute oste serbiarrek Sarajevo-ko hiria, erabat suntsitu zuten arte. Biztanle kopurua arras urritu da eta, 1994an, serbiarren etengabeko setio eta eraso hauen ondoren, ekonomia bitartekorik eta oinarrizko azpiegiturarik gabe geratu da hiria. v Historia. Neolitos Aroko aztarnak (Butmir kultura) aurkitu dira Sarajevo aldean. Erromatarrek inguru haietan eraiki zuten hiri bat (egungo Ilidza-n). VII. mendean herri eslaviarrak kokatu ziren bertan. XV. mendearen bukaeran, turkiarren inbasioaren ondoren, merkataritza gune garrantzitsu eta musulmanen hiri nagusi bihurtu zen. XVI. mendean Latinluk auzoa eraiki zuten Dubrovnik-eko merkatari kroaziarrek, eta Cifuthani izenekoa Iberiar Penintsulatik egotzi zituzten judu sefardiek. XVII. eta XVIII. mendeak latzak izan ziren: 1697an hiria erre zuen Eugenio Savoiako printzeak eta izurriek hil asko eragin zuten biztanleen artean. 1851. urtean turkiarren aurka matxinatu ziren Sarajevoko bosniarrak. 1878an Austria-Hungariako inperioaren barnean geratu ziren Bosnia eta Herzegovina, eta XIX. mendearen bukaeran austriarren aurkako mugimendua zabaldu zen, Mlada Bosna («Bosnia Gaztea») taldea zela buru. 1914an Sarajevo-ko hirian hil zuen gazte serbiar batek Austriako artxidukea, eta ekintza haren ondorioz hasi zen Lehen Mundu Gerra. 1918an, Jugoslaviako erresuma berrian sartzea erabaki zuen Sarajevoko dietak. Bigarren Mundu Gerraren garaian, borroka latzak izan ziren alde hartan erresistentziaren eta nazien artean. Gerraren ondoren, Bosnia-Herzegovinako errepublikako hiriburu bihurtu zen, eta Jugoslavia berriko kultura hiri nagusietako bat izan zen handik aurrera. 1984. urtean Neguko Olinpiar Jokoak egin ziren han. 1992an, Bosnia-Herzegovinako estatuko hiriburu egin zuten, bosniarrek erreferendumean independentzia aukeratu ondoren, eta hilabete batzuk geroago hasi zen hiria erabateko hondamenera eraman duen gerra.