Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Santakara

Nafarroako erdi-hegoaldeko udalerria (Erriberriko merindadea). Santacara du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Pitillas eta Uxue; ekialdean, Murelu-Hautsi; mendebalean, Pitillas eta Murelu-Konde eta hegoaldean, Melida. Garaiera, 349 m. 34,54 km2. 1.039 biztanle (santakararrak). Aragoi ibaiak igarotzen du udalerria. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, barazkiak, artoa, esparragoak, ardi eta behi azienda; langileen % 50) eta industria (eraikuntza metalikoak, eraikuntza, zurgintza, janari industria; langileen % 34) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Erdi Aroko gazteluaren hondakinak, XIII. mendeko Ama Birjinaren Jasokunde parrokia gotiko-zistertarra (XVI. mendean eraberritua), XIII. mendeko Santa Eufemia ermita eta XVI. mendeko etxe armarridunak. v Historia. Han aurkitu diren hilobi, txanpon eta idazkiek adierazten dutenez, erromatarren garaian sortu zen Santakarako herrigunea. 1191. urtean jaso zuen, Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregearen eskutik, Kaparrosoko foruen bidez gobernatzeko baimena.