San Gil Noain, María
Gipuzkoar politikaria (Donostia, 1965). Alderdi Popularreko (PP) kidea da. Filologia Bibliko Hirueledunean lizentziaduna da. Gregorio Ordoñez Partido Popularreko Donostiako zinegotziaren laguntzaile bezala hasi zen politikan, Donostiako udalean. ETAk 1995ean Gregorio Ordoñez hil zuenean, Alderdi Popularreko kide egin zen, eta urte horretan bertan zinegotzi hautatu zuten Donostiako udalean. 1999an, Alderdi Popularreko Zuzendaritza Batzorde Nazionalean sartu zen, eta hilabete geroago bere burua aurkeztu zuen alkategai bezala Donostiako udal hauteskundeetan. 2000. urtean, Gipuzkoako Alderdi Popularraren X. Kongresuan, lehendakari hautatu zuten, Ricardo Huesoren ordez. 2003ko udal hauteskundeetan, alderdiaren zerrendaburua izan zen Donostiako alkatetzerako hauteskundeetan. 2004ko uztailean, hurrengo urteko lehendakaritzarako hauteskundeetarako hautagai izendatu zutelarik, uko egin zion zinegotzi karguari. Lau hilabete geroago, Euskadiko Alderdi Popularreko lehendakari hautatu zuten. 2007ko apirilean, bular-minbizia diagnostikatu zioten, eta politika utzi zuen denboraldi batez. 2008ko maiatzean, Espainiako hauteskunde orokorrak galtzeak Alderdi Popularrean eragindako krisiaren erdian, Alderdi Popularraren XVI Kongresu Nazionalaren ponentzia politikoa idatzi behar zuen batzorderako hautatu zuten, baina batzordea bertan behera uztea erabaki zuen, bai batzordekideekin bai Mariano Raxoirekin berarekin zituen desadostasunak zirela eta. 2008ko maiatzaren 21ean, Euskadiko Alderdi Popularraren buruzagitza eta Eusko Legebiltzarreko eserlekua uztea erabaki zuela iragarri zuen.