San Bartolome Gaua
1572ko abuztuaren 24-25ean Parisen frantses higanoten (protestanteen) kontra egin zen sarraskia, Katalina Medicikoak prestatua eta Eliza katolikoko aiton semeek eta beste zenbait herritarrek aurrera eraman zutena. v Hist. Frantzian XVI. mendean katolikoen eta higanoten arteko gerra luzean izandako gertaera bat izan zen San Bartolome gauekoa. Sarraskiak Frantziako gorteko erlijio eta politikazko istiluak zituen atzean. Coligny-ko Gaspard II.a higanoten buruzagia Espainiako erregearen kontra ari zen borrokan hegoaldeko lurraldeetan, Frantziako errege Karlos IX.aren eskaeren arabera. Katalina Medicikoak, Karlos erregearen amak, Colignyk bere semearengan zuen eragina ikusita, higanoten buruzagia hiltzeko asmo ezkutua izan zuen, eta hilketa prestatu zuen Guise-ko etxe erromatar katolikoarekin batera. 1572ko abuztuaren 18an Katalinaren alaba Margarita (Valois-ko Margarita), Henrike Nafarroako errege higanotarekin ezkontzekoa zen, eta hori zela eta higanoten aiton seme talde handia iritsi zen Parisa. Cologny-ren kontrako hilketa saioak huts egin zuen, baina Katalina berriz bildu zen aiton seme talde batekin Tuileries jauregian, eta Parisen zeuden higanoten buruzagi guztiak hiltzea erabaki zuten. Abuztuaren 24an Saint-Germain-l´Auxerrois elizako kanpaiak jo zuenean hasi zen sarraskia. Coligny bera izan zen hildakoetako bat. Louvren zeuden higanoten kontra ere erasoak izan ziren, eta hiriko higanoten dendak apurtu eta jabeak hil zituzten. Abuztuaren 25ean erregeak hilketei amaiera emateko agindua eman zuen arren, ez zen hala gertatu, eta probintzietara hedatu zen liskarra. Urriaren hasiera arte ez ziren istiluak amaitu eta uste denez, Parisen bakarrik 3.000 hildako izan ziren. Sarraskiaren ondoren, herrialde protestanteetan katolikoen kontrako jarrera areagotu egin zen, eta haietan ere borrokak izan ziren. Handik aurrera protestanteek Calvinok proposatzen zuen aginpidearen aurreko mendekotasuna alde batera utzi, eta tiranoaren kontrako erasoak onargarritzat hartu zituzten.