Salinas Jaca, Constantino
(Juan de Navarra deitua). Nafar politikari errepublikarra (Altsasu, 1886 - Buenos Aires, Argentina, 1966). Sendagilea zen. Alderdi Sozialistako (PSOE) kide egin zen 1916. urtean, eta Altsasuko zinegotzi hautatu zuten 1931. urtean. Gipuzkoara jo zuen 1936ko Gerra Zibila hasi zenean oste errepublikarreko zaurituak zaintzera. Euskadiko erietxe militarretako zuzendari nagusi izendatu zuten 1937. urtean, baina Bordelera ihes egin behar izan zuen frankistek Bilbo eta inguruak menderatu zituztenean. Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Frantzia inbaditu zutenean Amerikara jo zuen, eta Buenos Airesen hartu zuen bizilekua. Harenak dira Allá en Patagonia (poema bilduma, 1947) eta Las Montañas de Navarra (Espainiako Gerra Zibilari buruzko poesiak, 1964).