Saldias
Nafarroako ipar-mendebaleko udalerria (Basaburua ibarra). Mugak: iparraldean eta ekialdean, Labaien, mendebalean, Eratsun eta hegoaldean, Basaburua. Garaiera, 554 m. 8,76 km2. 1999ko datuen arabera, 153 biztanle (saldiastarrak). Ezkurra ibaia igarotzen da udalerritik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Laborantzan (artoa, bazkarako landareak, lekadunak) eta abere hazkuntzan (behi, ardi eta zerri azienda) oinarritua da ekonomia jarduera nagusia (langileen % 65). Langile kopuru garrantzitsu bat Leitzako papergintzara joaten da, eta bigarren lanbidetzat ditu baserriko lanak. Aipagarriak dira San Joan Bataiatzailearen eliza, Ama Birjina Doloretako ermita, XVIII. mendeko udaletxea eta Ezkurra ibairen gaineko Erdi Aroko zubia.