Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sakramentu

iz. Jesu Kristok bere Elizari utzi zion seinale agiria, hartzen duenari grazia eta bertuteak eman edo gehitzen dizkiona.  v  Erl. Antzinako gizarteetan baziren sakramentuen antzeko ospakizunak edo jardunak, hala nola, uzta ona edo eguraldi ona eskatzeko, bizitzan aldi berri bat hasteko…; erritu edo jai horietan aginpide sakratuari edo jainko ikutu ezin bati arrakasta edo emaitza ona eskatzen zitzaion. Kristautasunak esanahi zehatzagoa eman zion sakramentuari. Sakramentua Jainkoaren eta gizonaren arteko batasuna finkatzeko era da, eta Kristoren gorputz mistikoa den erakundearen, elizaren, bidez eratzen da. Testamentu Berrian bataioa, oin-garbiketa, oliatzea, taldeko afaria… eta antzeko errituak azaltzen dira; antzinako kristauek horietako batzuk gorde zituzten, beste batzuk galdu eta berriak sortu ere. Baina hasierako kristauek ez zuten ez sakramentua zer zen, ezta zenbat ziren ere, garbi finkatu.  v  Trentoko Kontzilioak adierazi zuen sakramentuak zazpi zirela: bataioa, konfirmazioa edo sendotza, eukaristia, penitentzia, olio santua, apaiztea eta ezkontza. Eliza katolikoarentzat sakramentuak Jainkoaren graziaren ezaugarri dira, Jesu Kristok eratu zituen eta elizak zaintzen ditu. Erreformak sakramentuen definizioa eta kopurua zalantzan jarri zituen. Baina protestante guztiek Testamentu Berrian azaltzen diren bi sakramentuak (bataioa eta eukaristia) onartzen dituzte. Horiek dira hain zuzen ere, Sortaldeko Eliza ortodoxoak eta Eliza katolikoak onartzen dituen zazpi sakramentuetatik zuzenean agertzen diren bakarrak. XVI. eta XVII. mendeetan etengabe aztertu ziren liburu sakratuak sakramenturik (ezkontza, apaiztea…) haietan ageri zen ala ez ikusteko. Protestanteen ustez Eukaristia bera ere antzinako kristauen jardunak finkatua bide da, eta ez Jesu Kristoren esanek. Eliza katolikoaren arabera, Jesu Kristok teologiaren zentzuan eratu zituen zazpi sakramentuak, eta ez historiarenean.