Saint-Malo
Bretainiako suprefetura hiria eta portua, Ille-et-Villaineko departamenduan, Rance ibaiaren bokaletik hurbil. 46.270 biztanle. Merkataritza eta arrantza portua. Turismoa (hondartzak, itsasoko kirolak) eta industria (janari industria, ontziola txikiak, ehungintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. XII-XIV. mendeetako harresiek inguratzen dute hiria. Aipagarriak dira XV. mendeko gaztelua, Vauban-ek eraikitako gotorlekua (XVII. m.), Saint-Vincent katedrala (XII-XV-XVII-XVIII. m.), hiriaren aurreko Grand-Bé haitzean dagoen Chateaubriand-en hilobia eta hiriko liburutegia eta museoa. v Historia. VI. mendean Malo apezpikuak sortu zuen monasterio baten inguruan sortu zen hiria. Oparotasun handia izan zuen XVI. mendean, baina XVIII. mendean bertako portuko merkataritza jarduera gainbehera etorri zen Nantes eta Bordeleko portuen onerako. XIX. mendean Ternuara abiatzen ziren arrantzaleen abiapuntu eta babesleku izan zen. Bigarren Mundu Gerran kalte handiak jasan zituen, alemaniarrek erabat suntsitu baitzuten hiria alde egin baino lehen.